Bingo feminista gidatuko du ostiralean Garazi La Fantasyk
'Elkarrizketa Feministak' programaren barruan antolatutako jarduera da. Hilaren 12an izango da, 18:30ean, Irungo Emakumeen Etxean.
Garazi La Fantasy artxiboko irudi batean. Alaine Aranburu Elkarrizketa Feministak programaren barruan, bingo feministaren txanda izango da asteon. Hilaren 12an (ostirala) izango da jarduera Irungo Emakumeen Etxean, 18:30ean, eta Garazi La Fantasyk gidatuko du ekitaldia.
Bingoaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, ostiraleko ekintzaren helburua da espazio ludiko eta parte hartzailea izatea, eta bertan ikusaraztea eguneroko matxismoarekin lotutako kontzeptu, adierazpen eta egoerak. “Bingoa bezalako jarduera tradizional bat sentsibilizazio tresna bihurtuko da, normaltzat ditugun genero desberdintasunak izendatuko dira eta feminismoan heztearen garrantzia nabarmenduko da”, gehitu dute.
Elkarrizketa Feministak programarekin hilabete bakoitzeko bigarren ostiraletan zenbait jarduera egiten dituzte, eta helburua da elkarrizketa bat zabaltzea emakumeek bizi dituzten errealitateen inguruan.
Bingorako sarrera doakoa izango da, eta ez da izenik eman behar.

