Iratxe Etxegoien eta Joseba Olaetxeak irabazi dute Guadalupeko igoera
Azken egunetan datu onak eskuratu dituzte BATeko kirolariek. Ikasturteari hasiera ona emanda, gorenean egon nahi dutela zehaztu dute.
Iragan larunbatean jokatu zuten Carrocerias Euskalduna Guadalupeko igoera, eta, orotara, 250 korrikalarik hartu zuten parte. Alabaina, horietatik 218k amaitu zuten lasterketa. Gizonen mailan Joseba Olaetxea izan zen garaile 16:58 minutuko denborarekin, eta Beñat Bengoetxea izan zuen atzetik 17:13 minutuko denborarekin. Hirugarren postua, berriz, Patrick Laquecherentzat izan zen; 17:16 minutuko denbora egin zuen hark, bigarrenetik hiru segundora.
Emakumeen mailan, berriz, Iratxe Etxegoien Errandonea izan zen garaile 22:35 minutuko denborarekin, eta Maria Justa Jauregi Sanchez izan zuen atzetik 23:54 minuturekin. Hirugarren postua, berriz, Beatriz Males Arrango lezoarrarentzat izan zen. 24:25 minutuko denbora egin zuen Malesek.
Lasterketa “ondo” eta beroak eragindako arazorik gabe joan zela zehaztu dute antolatzaileek, baina ezin dute gauza bera esan txikien lasterketarekin, bertan behera geratu baitzen.
Hona, hortaz, sailkapena:
- Emakumeak
- Iratxe Etxegoien Errandonea (Lezo). 00:22:35 minutu.
- Maria Justa Jauregi Sanchez (Iruña). 00:23:54 minutu.
- Beatriz Males Arrango (Lezo). 00:24:15 minutu.
- Gizonak
- Joseba Olaetxea Amenabar (Tolosa). 00:16:58 minutu.
- Beñat Bengoetxea (Hondarribia). 00:17:13 minutu.
- Patrick Laquche Saralegi (Irun). 00:17:16 minutu.
Bestalde, BATek Pepe Diz korrikalaria zoriondu du, Sidneyko maratoia amaituta 7 Majors-ak egin baititu. World Marathon Majors-a Tokio, Boston, Londres, Berlin, Chicago, New York eta Sidneyk osatzen dute, eta Diz BATeko korrikalariak denak egin ditu.

Pepe Diz korrikalaria. Argazkia: BAT.
Azkenik, BAT pozik da 20 urtez azpiko gizonezkoen taldearekin, urriaren 25ean izango den Espainiako Kluben arteko txapelketara sailkatu baita. Zehaztu dutenaren arabera, klubak inoiz lortu duen denbora onenarekin sailkatu dira; 4. postua lortu dute, eta, orotara, 15.802 puntu eskuratu dituzte.
BATekoek azpimarratu dute emaitza horiek harrobitik egindako lanaren fruitua direla, eta helburua ahalik eta gorenean egoteagatik borrokatzea dela orain.

