Alardea: alderdi politiko zein eragileetako ordezkarien balorazioak, hemen. Jaizkibelek "estrategia aldaketa" eskatu du
Emandako aurrerapausoak nahikoak izan ez direla iritzita, beste urrats "nabarmenago bat"emateko garaia dela adierazi dute bertaratutako erakunde eta alderdi politikoen bozeramaileek. Eider Mendoza Ahaldun nagusiak, bestetik, aurreko urteetako pausoak "egonkortzeko eta aurrera egiteko" garaia dela adierazi du.
Jaizkibel konpainiak Sainduan bukatu du 2025eko irailaren 8ko goizeko ibilbidea. Azken pauso horietan zehar herritarren bultzada izateaz gain, hainbat erakundeetako ordezkarien laguntza ere izan dute konpainiako kideek. Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu, Arartekoa, Emakunde, eta Podemos Euskadi, esaterako. Baita Hondarribiko EH Bildu ere.
Guztiek azken urteetan emandako aurrerapausoei balioa eman diete, baina aurten egindako arratsak nahikoak izan ez direla iritzita, adierazi dute beste urrats “nabarmenago bat”emateko garaia dela. Hondarribiko Udaleko EH Bilduko bozeramaileak, Garoa Lekuonak, gainera, Jaizkibelek alkateari eman dion gutunean bezala, estrategia edo “formula berri bat” bilatzeko garaia dela adierazi du. Horregatik, proposamen bat mahai gainean jarri eta bihartik aurrera horri ekiteko prest azaldu da.
Jaizkibel konpainiako kapitainak, bestetik, ez du egun honek dakarren festa eta poztasuna ahaztu nahi izan. Jaizkibelgo soldatuek goiz ederra pasa dutela adierazi du, jai giroan, denaren gainetik alardea festa bat delako.
Jarraian desfilearen ondorengo adierazpenak hitzez hitz:
Nora Ferreira (Jaizkibel konpainiako kapitaina): “Ez gaude oso ados dekretuarekin. Guk ondo egin dugu, gure orduan atera gara eta guri zegokiguna bete dugu, baina aurten ez da aurrerapausorik eman. Jaizkibelek 30 urte daramatza gauzak ondo egiten. Ez dugu inoiz arazorik izan besteekin parte hartzeko alardean, hori eskatu dugu. Elkarrizketarako ere prest egon gara urte askotan. Eta beraz, uste dugu badela garaia estrategia eta funtzionatzeko modua aldatzeko. Hori esan diogu alkateari gutunean. Jaizkibel beti egon dela prest elkarrizketarako eta beraiek [HAOSE] ez direla inoiz ere eseri, eta laugarren urte politikoan zerbait egin dezala. Aldaketa nabarmen bat egon behar dela uste dugu, aurten ez delako aurrerapausorik egon. Horrekin Jaizkibel Konpainia nahiko haserre dago. Baina eguna ondo pasa dugu, ebazpena bete dugu, gure orduan igo eta jaitsi gara, eta Jaizkibelen barruan giro oso-oso ona nabaritzen da.
Bestetik, alkateari eskatu diogu [gutun bat eman diote Igor Enparan alkateari Kale Nagusian] ez parekatzeko bi aldeak. Jaizkibel emakumeen eskubideen alde dago eta hori da garrantzitsuena. Besteen helburu bakarra emakumeak alardean ez parte hartzea da eta mesedez, beren pare ez jartzea eskatzen diogu. Eta baita gure lana aitortzea ere. Gu borrokan gaude, eta horregatik daramagu Palestina soinean, guk eskubideen alde borrokatzen dugulako.
Urtero jende gehiago ikusten dugu gurekin alardean ateratzen dena gu txalotzera etortzen dena. Guk denok batera atera nahi dugu. Argi dago ere beraiek nahiago dutela tradizioa ez betetzea gure ondoan egon baino. Guk bete dugu, ondo pasa dugu, eta ez dugu ulertzen haien jarrera. Ez da ezer gertatzen Gernikako Arbolan denon ondoan egoteagatik. Oso polita izango litzateke irudi hori. Gainera bi gune ezberdindu genituen. Nahiago badute beraiek hainbeste defendatu duten tradizioa ez bete… beraiek jakingo dute. Beren arazoa da.
Festak amaitzerakoan udal gobernuaren erantzuna espero dugu. Jakin-minez gaude ebazpena ez betetzeak ondoriorik izango ote duen ala ez. Iaz ez zen ezer gertatu, ez zuen ondoriorik izan, eta aurten, ondorioren bat izatea nahi dugu. Gutxienez salaketa publiko bat egotea”.
Garoa Lekuona (Hondarribiko EH Bildu): “Irailaren 8ro gure herria bilakatzen da emakume eta gizonen berdintasunaren oihartzun argi eta Hondarribiko EH Bildutik hiru ideia nabarmendu nahiko genituzke: Lehenik eta behin, gatazka hau oso luze doala. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek urtetan ez dutelako arduraz eta ausardiaz jokatu eta bereziki, Hondarribiko Udala, urte luzez EAJrengatik gobernatua egon dena. Horrek egin du gatazka urte luzez luzatzea.
Bigarrenik ere adierazi nahi duguna da, aurtengo alkate dekretuaren irakurketa politikoa eginez iruditu zaigu ez dela aldaketarik egon, eta beraz, atzera pauso bat izan dela. Azken finean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidean aurrera egiten ez dugunean atzera egiten dugulako. Baina argi eta garbi adierazi nahi dudana da gurea kritika politikoa dela eta inondik inora ez dugula deslegitimizatzen gure udala, eta hortaz, gure alkatea.
Eta hirugarrenik adierazi nahi duguna da berresten dugula konponbiderako gure konpromisoa eta argi eta garbi adierazi nahi dugula honek aldaketa bat behar duela, eta beste fase batean sartu beharra dugula. Herriak hala eskatzen du. Azkeneko inkestek ere hala eskatzen zuten. Datua da %79ak formula berri bat eskatzen duela berdintasunaren bidean aurrera egiteko. Azken urteetan gatazka kudeatzen gabiltza, eta gure iritziz konponbidea kudeatzeko garaia da. Zentzu horretan eta norabide horretan Hondarribiko EH Bildutik mahaigainean jarri dugu dagoeneko proiektu bat, proposamen bat, bihartik aurrera horretan lan egiteko”.
Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia): “Zerbait nabarmentzekotan esango nuke tentsio handiko uneak pasa direla azken egunetan, baina zorionez denek eutsi diote eta denek egin dute ahalegin handi bat, eta oso ondo joan da. Errespetuzko jarrerak izan dira, eta beraz, ahalegin horri eutsi behar zaio etorkizunari begira”.
Bestetik, Jaizkibel konpainiak alkateari emandako gutunaren harira ahaldun nagusiak adierazi du zenbaitetan eustea nahikoa izaten dela, eta “kasu honetan ikusita egoera zein zen, eutsi egin zaio eta berriro diot, errespetuzko jarrerak egon direla. Hortaz jarrera horiek egonkortu, aurreko urteetan emandako pausoak egonkortu eta hemendik aurrera aurrera egin”.
Bestalde, Kale Nagusian Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak jaiak hasi aurreko egunetako tentsioa kontuan izanik eguna “oso ondo” joan dela adierazi du eta aurreko urteetan emandako pausoak “egonkortzeko” eta “aurrera egiteko” unea dela adierazi du.
Miren Elgarresta (Emakundeko zuzendaria): “Beste behin Emakunde presente dago Jaizkibel Konpainiari babesa ematen, baita jaiak eta emakumeen parte hartzearen aldeko eskubidea aldarrikatzen ere. Nabarmendu nahiko nuke eman diren aurrerapausoak. Baita udalak egindako lana eta berarekin batera herriko eragileena ere. Eta bereziki herri mugimendutik datorren lana, baita ere belaunaldi berrietatik datorren ekarpena ere. Iruditzen zait belaunaldi berriei eman behar zaiela espazioa, haien ekarpenei, etorkizun berdinzaleago baten alde duten ikuspegiarekin.
Horretan jarri nahiko nuke azpimarra, ahaztu gabe Jaizkibel konpainiak azkeneko urte hauetan egin duen izugarrizko ahalegina emakumeek alardean parte hartzeko. Baina orain, iruditzen zait badela unea aurrerapenak sendotzeko. Irekitako prozesua zaintzeko bide horretan egonkortze aldera. Iruditzen zait oraindik ibilbide luzea dugula egiteko emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzea lortu arte Hondarribiko alardean. Baina zailtasunak zailtasun, egiten diren urratsak baloratu behar ditugu. Emakunde zabalik dago eta prestutasun osoa dauka herritik eta sortuko diren proposamenak entzuteko eta berdintasunaren bidean aurrera egiteko”.
Maddalen Iriarte (EH Bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan): “Beste urte batez Hondarribira etorri gara Jaizkibel konpainiari gure babesa ematera iruditzen zaigulako gizon eta emakumeen berdintasuna arlo guztietan landu behar dela, baita festan eta alardean ere. Urte asko dira gatazka hau zabalik dagoela eta hainbat eragilek eta pertsonak hura gainditzeko lan egin badute ere oraindik ez da gainditu, oraindik zauriak zabalik daude. Azken urteotan egia da zenbait urrats egin direla, baina aurten esango genuke ez dela aurrera urrats oso nabarmenik izan, eta aurrera urratsik egiten ez denean beti dugu atzera egiteko arriskua. Horregatik dei egiten diet arlo honetan ardura duten botere eta instituzio publiko guztiei erabaki politiko ausartak har ditzaten eta erabaki politiko ausartak inplementa ditzaten.
Aipatu dudan bezala erakunde publikoak pluralean aipatu ditut, iruditzen zaidalako gatazka honetan Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak maila berean parte hartu behar dutela, besteak beste, gizon eta emakumeen berdintasuna eskubide bat delako. Guk jarraituko dugu honen alde lan egiten orain artean bezala. Eta azkenik esan nahi dudana da hondarribiarren egun handia dela gaur, eta elkarren errespetuan eta elkar zainduz egun eder bat pasatzea opa diegula bihotzez”.
Miren Etxebeste (Podemos Euskadi): “Aurten ere Podemos Euskaditik hemen egon gara, Hondarribian, berdintasuna jaietan defendatzen duten milaka emakume eta gizonei babesa emateko eta haiekin batera jaiak partekatzeko. Tamalez aurten ere ikusi dugu HAOSEren jarrera zein izan den, eta da dekretua ez onartzearekin, ez betetzearekin argi utzi dute ez dutela inolako asmorik aurrera egiteko, ezer ez aldatzeko, eta dudarik gabe emakumeak inoiz ere ez onartzeko beren filetan. Orduan, hori ikusita argi dugu badela garaia estrategia aldatzeko eta alkatearekin hitz egin dugu esateko badela garaia behingoz udalak alarde parekide bat antolatzeko herritar guztientzat, emakume eta gizon guztientzat inolako diskriminaziorik gabe. Izan ere, zurekin espazioa partekatu nahi ez duenarekin ere zaila edo ezinezkoa da aurrera egitea, eta udalak bere ardura du berdintasuna bermatzeko herritar guztientzat. Hori jakinarazi diogu alkateari, datorren urtean 30 urte beteko baitira emakumeek eskubide osoarekin alardean parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zutenetik eta urte hauen guztien ondoren, badakigu zer edo zer aldatu behar dela. Horrela eskatu diogu alkateari: alardea antola dezan”.
Ines Ibañez de Maeztu (Jarduneko Arartekoa): “Hemen gaude berriz ere emakumeen eskubideak defendatzeko. Berdintasuna legea da, oraindik ez da bete, eta bete behar da. Ez dago ezer gehiago esateko. Emakumeen eskubidea da eta bete behar dugu. Zenbait pauso eman dira, baina oraindik ez da legea bete”.

