1,99 euroren truke 12 orduz aparkatzeko aukera izango da
'Multipass' bonua sortu dute udalak eta Teleparkek. Mendibileko eta San Juan plazako aparkalekuetan 12 orduz 1,99 euroan aparkatzea ahalbidetzen du bonuak.
Irungo Udala eta Telepark enpresak lankidetza abiatu dute berriki, eta Multipass bonua sortu dute. Berau, gainera, gaurtik (hilak 8) hilaren 30era egongo da erabilgarri, eta hari esker bizilagunek 1,99 euroren truke aparkatu ahal izango dute 12 orduz Mendibileko eta San Juan plazako aparkalekuetan.
Nabarmendu dutenez, abonu horren helburua da herritarrei hiriko erdigunean aparkatzeko aukera ematea tarifa berezi batekin tokiko merkataritza sustatzeko. “Ahalik eta gehien erraztu nahi zaie egoiliarrei zein bisitariei Irungo merkataritza gunerako sarbidea, baita aparkalekua bilatzean sortutako kutsadua murrizten lagundu ere”, gaineratu dute.
Erabiltzaileek 12 orduz aparkatzeko aukera izango dute ordu tarterik eta egun murrizketarik gabe; hau da, oiko tarifarekin alderatuta %70 murriztuta. Aipatutako Multipass bonua Teleparkeko aplikazioaren bidez erosi ahal izango da; 3 aukera daude, 5, 10 eta 20 pase.

