Puxika eta zezen artean, gaztetxoenak izan dira jaiak hasten lehenak
Hondarribiko jaiek pregoi txikiarekin egin dute eztanda, ofizialki oraindik hasi ez diren arren. Haur eta guraso andana elkartu dira udaletxeko arkupeen inguruan puxika eta konfetiarekin jolasean, zezen puzgarriengandik ihesean hasi aurretik.
Ofizialki jaiak bihar hasiko baldin badira ere, itxaroteaz aspertu eta egun bat aurreratzea erabaki dute Hondarribiko haurrek. Hala, 11:00etan udaletxeko arkupeetan dozenaka haur elkartu dira, gurasoak inguruan zituztela, pregoi txikia egiteko.
Denei jaiak ondo pasatzea opa ondoren, festak eztanda egin du. Udaletxeko balkoitik puxika eta konfetiak bota dituzte, eta hortxe ibili dira, horiek harrapatu eta batak besteari botatzen jolasean.
Ondoren, zezen puzgarrien txanda iritsi da. Baina lehenik, Euskal Herrian oso ezaguna den ohitura ekarri dute herrira: Iruñeko festetan egiten den bezala, San Fermini kantatu diote. Hiru aldiz abestu eta ziztu bizian atera dira korrika haurrak zezen puzgarrien aurretik, harrapatuko ez zituztelakoan. Eta, harrapatuz gero ere ez zegoen arriskurik, zezenen atzetik baitzihoan anbulantzia.
Gaztetxoenek hasi dituzte jada jaiak, eta nahiz eta duela egun batzuetatik jai giroa nabari den herrian, bihartik aurrera gazte eta helduek ere jaietaz gozatzeko aukera izango dute.
Gaurko (hilak 6) jaietako egitaraua
- 16:00etan haur eta gaztetxoen LIV. margo lehiaketa, Gipuzkoa plaza (Klink elkartea).
- 16:00etan kafea eta mus txapelketa, Bentan (Mugiri Kultur Elkartea).
- 17:30ean Gazte Kanttua, Kasino Zaharreko lorategietan.
- 18:00etan erraldoi eta buruhandiak, zezen plazatik abiatuta.
- 23:30ean Hondarribia Hiria Musika Bandaren kontzertu berezia, Gipuzkoa plazan.
- 00:00etan Merina Gris eta DJ Aitana Grandesen kontzertuak, Bentan

