Gazako genozidioa lapikokadaz salatu dute Irunen
Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo Irunen. Euskal Herriko beste hamaika txokotan ere antolatu zituen elkarretaratzeak eragileak.
“Nola gogortu liteke genozidio bat? Nola gogortu herri baten suntsiketa sistematikoa? Basakeria, masakrea, tortura… nola gogortu?”, galdetu zuten atzo lapikokada artean. Izan ere, Gernika-Palestinak deituta, Euskal Herriko herri ugaritan burrunbak egin zituzten atzo Genozidioari Stop lelopean, baita Irunen ere.
“Nazioarteko inpunitatearekin” palestinarrak “sarraskituak” direla oroitarazi zuten herriz herri: “Beren lurretik erauziak, desplazatzera behartuak, azpiegitura oinarrizkoak suntsituak… Goseak hiltzen, egarriak itotzen… Elikagai bila joandakoan tirokatuak, bonbardatuak, gau eta egun bonbardatuak”. Ume eta emakume haurdunengan ere jarri zuten arreta, baita “sekula jaioko ez diren umeengan” ere.
Gazako ospitaleen egoera salatzeko baliatu zuten atzoko hitzordua. Hain zuzen, nazioarteko legeek babestutako gune seguruak izan behar luketela gogoratu zuten arren, “zaurituei eta umeen desnutrizioari ezin erantzun daude ospitaleak”.
“Egoera ezin zailagoetan munduari genozidioa erakusten ari direnek”, hots, kazetariek, ere izan zuten tokia mobilizazioan. “Kazetarien munduko hilerri” definitu zuten Gaza.
“Munduaren begien aurrean ari da Israel, begi bistan dugu triskantza, baina ez dugu erantzun irmorik. Ezin da gehiago luzatu ankerkeria hau”, azpimarratu ondoren, elkartasun mezua bidali zuten Palestinara: “Nahikoa da! Genozidioari ez!”.

