Ana Lupe Iridoy: "Nire asmoa egungo aktualitatea islatzea zen"
2025eko Hondarribiko Jai Nagusiak aurkezten dituen kartelaren egilea da Ana Lupe Iridoy. Irabazteko esperantza bazuen ere, saria "sorpresaz" jaso zuela kontatu du.
Hondarribiko Jaietako Kartel Lehiaketako epaimahaiak ez zuen lan samurra izan. Aurtengo lehiaketara 19 lan aurkeztu ziren eta horien guztien artean gailendu zen Ana Lupe Iridoy Amunarrizen lana. Emaitzak ezustean harrapatu zuen egilea, baina haren lana herrian ikusteak “ilusio handia” eragin diola aitortu du.
Zer suposatu du zuretzat lehiaketa hau irabazteak?
Aspaldi ez nintzela lehiaketa honetara aurkeztu eta irabazteko ilusioarekin aurkeztu nintzen. Baina, egia esan, ez nuen uste aterako zenik. Jakin nuenean oso kontent jarri nintzen, sorpresa izan zen.
Hilaren 7rako dena prest deitzen da kartela, eta, aurkezpenean kontatu zenuenez, etxean bizi izan duzun hori islatu nahi izan duzu. Horretarako nola egin zenuen koloreen aukeraketa eta zein teknika erabili zenuen guzti hori islatzeko?
Teknika digitala erabili nuen, hau da, guztia tablet batean marraztu nuen. Koloreei dagokienez, jaietako koloreak erabili nituen, eta atzean ikusten den kantinera zuri beltzean margotu nuen aspaldiko ukitu bat eman nahi niolako. Hondarribiko edozein etxetan eman daitekeen egoera normal bat irudikatu nahi izan nuen.
Proiektu batean garrantzitsuena sortze prozesua izaten da askotan. Nola bizi izan zenuen prozesu hori?
Nahiko azkarra izan zen prozesua. Bi ideia nagusi nituen hasieran, beren artean kontrajarriak zirenak. Bigarren ideiak kaleko mugimendua islatzea zuen eta lehenengoak, aurkeztu nuenak, etxeko intimitatea. Azkenean lehena hautatu nuen.
Lehen egunean bozetoa egin eta bigarrenean garbira pasa nuen lana.
Uztailaren 30ean aurkeztu zenuten kartela eta orain herri osoan zehar ikusi daiteke. Nola bizi izan duzu zuk kartela aurkeztu eta ondorengo hori guztia?
Kartela leku askotan ikusi dut, nahiz eta zenbaitek hura ez jartzea erabaki duten. Ilusioa egiten du baten lana kalean ikusteak.
Aipatu duzu zenbaitek ez dutela kartela jarri nahi izan. Zein feedback jaso duzu zuk? Eta zein iritzi duzu horren inguruan?
Jaso dudan feedbacka ona izan da. Jende askok zoriondu dit eta orokorrean ona izan dela esango nuke. Gero, bai, egia da badagoela nire lana gustatu ez zaion jendea ere. Baina lan guztiekin gertatzen den bezala, ezin zaie pertsona guztiei gustatu. Nire asmoa egungo aktualitatea islatzea zen, egoera nola den erakustea. Konpainia ezberdinak daude, bi desfile, eta horietan parte hartzen duten asko eta asko elkarrekin bizi dira. Gero, norberak atera duen konklusioa ja ez da nire gauza. Norberak bere ideiak ditu.
Azkenik, baduzu halako beste proiekturik aurreikusita epe motzerako?
Egia esan, ez. Eguberriei begira ilustrazio digitalak egiten ditut, pertsonalizatuak direnak. Baina nire proiektua beste produktu batzuetan zentratzen da, ez hainbeste ilustrazioetan.

