"Musikaz bizi izan naiz, nire lanari esker jan badut ere"
Hilaren 7an jasoko du Alberto Lasak udalak ematen duen Urrezko Intsignia. Ekitaldia eguerdiko 12:30ean izango da udaletxeko areto nagusian. Herrigintzan egindako lanagatik omenduko dute.
Hunkituta eta eskertuta heldu da Alberto Lasa elkarrizketara. Urrezko Intsignia jasotzea berezia izango dela aitortu du musikariak. Izan ere, duela 51 urte haren aitak jaso zuen intsignia bera jasoko du igandean.
Noiz jakin zenuen Urrezko Intsignia jasotzeko hautagaia zinela?
Abuztu bukaeran jakinarazi zidan alkateak [Igor Enparanek] azken hiru hautagaien artean nengoela eta bertan egon nahi nuen galdetu zidan. Baietz esan nion, eta segidan publiko egin zen bozketa.
Intsignia jasotzeko boto gehien zuk zeuk jaso zenituen. Nola jaso zenuen albistea?
Ostiral batean bildu zen udal batzordea emaitzak aztertzeko, eta egun horretan bertan jaso nuen alkatearen mezua. Baina zenbakia gordeta ez nuenez ez nuen deia hartu. Propaganda izango zela pentsatu nuen. Ondoren, Whatsapp mezu bat jaso nuen zeinak bueltan deitzeko zioen, baina ez zuenez nor zen zehaztu, ez nion deia itzuli.
Astelehenean, ordea, kontaktu hark alkatearen argazkia zuela konturatu nintzen [barrez], eta deia itzuli nion. Hala jakin nuen.
Zer suposatzen du zuretzat Hondarribiko Urrezko Intsignia jasotzeak?
Esanahi handia du niretzat. Duela 51 urte nire aitak jaso zuen intsignia eta orduan ja errekonozimendu hark asko suposatu zuen familiarentzat. Orain aitorpen hau jasotzea izugarria da. Errekonozimendu bikoitza da.
Inoiz imajinatu izan duzu intsignia jaso zenezakeela?
Inoiz esan izan didate erdi brometan intsignia jasotzea merezi nuela, baina besterik gabe.
Musikari gisa izan duzun ibilbideagatik, zein herrigintzan egindako lanarengatik jasoko duzu intsignia. Nola bizi izan duzu ibilbide hori?
Txikitan hasi nintzen horretan eta gustuko nuena egiten jarraitu dut bizitza osoan zehar. Jendearen laguntza eskertu nahiko nuke ere bai, jenderik gabe ezin baita ezer egin.
Zer izan da musika zuretzat?
Dena izan da niretzat. Beti esan izan dut musikaz bizi izan naizela, nire lanari esker, informatikari esker, jan badut ere. Nire pasioa, entretenimendua eta zaletasuna izan da beti. Nahiz eta zenbaitetan gehiago izan duen lanetik entretenimendutik baino.
Lan hori guztia Hondarribian egin duzu, ala bertatik kanpo ere egin duzu ekarpena?
Batez ere Hondarribian aritu naiz, baina Etxalarrekin (Nafarroa) harreman estua dut. Nire ama bertakoa zen eta etxea dugu bertan. Duela zenbait urte pastoral bat egin zen han, eta abesti pare bat prestatzeko eskatu zidaten. Azkenean sekulako lana izan zen. Abestiak egin gabe zeuden! Eta orain koru bat sortu da herri abestiak kantatzeko.
Egon zaren abesbatzetatik eta egin dituzun lan guztietatik zeinek bete zaitu gehien?
Oso alderdi ezberdinak dira. Txistua ezin daiteke koru batekin alderatu. Txistuak gauza asko ditu eta Parrokiako abesbatza herrian sentipen asko sortzen dituen tradizioa da. Oso koru kuriosoa da, eta oso ondo funtzionatzen du. Goxoki korua, berriz, ahots grabeen korua da eta herri abestiak kantatzen ditugu. Oso fazeta ezberdinak dira.
Eta oraindik aktibo jarraitzen duzu?
Erdi aktibo. Izan ere, osasunez delikatu samar nago, eta badaezpada nire ardura guztiak delegatu ditut. Beno, ia guztiak. Zenbaitetan ez dut eskuordetzea lortu, ez baita erraza. Osasuna hobetzen bazait ikusiko dut zer egin orduan.
Oraindik lanean segitzeko indarrak badituzu.
Bai, eta itzultzeko esperantza izan behar da. Gero, bada, ikusiko dugu zer egin. Nire egungo ardurak hartzen dituzten pertsonek lan handia jasoko dute.
Txistuan, adibidez, igandero goizeko 08:00etan jotzen da alborada. Lehen lau pertsonak egiten genuen lan hori astebururo. Beste garai batzuk ziren eta beste pentsatzeko modu bat genuen. Baina horietako bik erretiroa hartu zutenean, nekea zela edo osasuna zela, aldaketaren bat egin behar genuela ikusi genuen.
Noski, gazteak erakartzea oso zaila da. Are, igandero egin behar badute. Orduan, Musika Eskolarekin hitz egin genuen eta bertako txistulariekin txandaka aritzeko proposamena onartu zuten. Urtebeteren ondoren gazteei galdetu genien ea zer iruditu zitzaien esperientzia, eta erantzuna gutxitan jotzen genuela izan zen [barrez].
Hortxe jarraitzen dugu. Iganderen batean jotzea ezinezkoa bazaizu, abisatu eta aldaketa eskatzeko aukera dugu.
Zure aitak duela zenbait urte Urrezko Intsignia jaso zuela aipatu didazu lehen.
Bai, eta arrazoi berberagatik gainera!
Beraz, orduko hartako ekitaldi hura berezia izango zela zuretzat. Igande honetan zuri egokituko zaizu intsignia jasotzea. Nolako eguna izatea espero duzu?
Bada, ez dut ideiarik ere zer nolako eguna izango den igandekoa. Ez dut lurra zapaltzerik izan oraindik, airean jarraitzen dut. Ez dakit zer esango dudan ere. Hori bai, argi dut eskerrak emango ditudala. Ekitaldiaren aurretik, eguerdiko 12:00etan, txistua jotzea gustatuko litzaidake duela hamasei edo hamazazpi urtetik egiten dudan bezala, eta arratsaldean Salbean abestuko dut. Egun berezia izango da inolako dudarik gabe.

