Indarkeria matxistarik gabeko jaiak helburu
Berdintasun Mahaiaren ekimenez Hondarribiko tabernariek erasoen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa jasoko dute.
Hondarribiko Berdintasun Mahaiak ostalariei zuzenduriko erasoen kontrako protokoloa osatu du 2025eko Hondarribiko Jai Nagusietarako. Mahaikideek azaldu dutenez, udalak ostalariekin lanketarik egiteko astirik izan ez eta hutsune hura betetzeko asmoz aritu dira lanean. Izan ere, jaietan sozializazio espazio nagusi izaten dira tabernak, eta Berdintasun Mahaiaren zein udalaren mezua bertan presente egotea nahi zuten mahaikideek, «leku seguruen bila».
Eskuorriak eraikitzeko bilerak «nahiko praktikoak» izan dira mahaikideen hitzetan, eta Amaia Andrieuk prozesua nolakoa izan den kontatu du: «Berdintasun teknikariak hainbat herritako protokoloak oinarri hartuta testu luze bat prestatu zuen. Ondoren, guk testu hura laburtu eta eskuorriak osatu genituen. Batez ere erreferentziazko telefonoa agerian utzi nahi genuen eta tabernariei jarraibide zehatz batzuk eman nahi genizkien, erasoren bat ikusi edo baten berri badute zer egin behar duten jakin dezaten».
Jarraitu beharreko protokoloa
Eremu seguruak sortzeko bidean ostalarien establezimenduak «oso garrantzitsuak» direla iritzi dute Berdintasun Mahaiko kideek. Horregatik, tabernaren batean edozein eraso matxista ikusi edo haren berri izanez gero, jarrera aktiboa hartzeko eskatu dute, eta tabernariei zehazki, hurrengo jarraibideak eman dizkiete.
Lehenik, egiten ari direna utzi eta erasoa jasan duen pertsona entzutea eta sinesgarritasuna ematea da eman beharreko lehen pausoa. Ondoren, konfiantzazko leku seguru batera eraman eta erasoa jasan duenari laguntza eskaini behar zaio.
Ezetz erantzungo balu, bere espazioa errespetatzea funtsezkoa dela azaldu dute, baina kasu horretan erne mantentzea garrantzitsua dela zehaztu dute. Aldiz, baietz erantzungo balu, egoeraren araberako erabakiak hartu beharko liratekeela esan dute. Hau da, argiak piztu eta musika gelditu beharko litzateke. Segidan, tabernariak erasotzailearekin hitz egin eta argi utzi beharko lioke bertan ez dela eraso matxistarik onartuko eta tabernatik kanporatu beharko luke.
Ondoren, erasoa pairatu duenari arreta telefonoaren berri eman beharko lioke. Izan ere, pertsona horren eskubidea da arreta jasotzea, «baita salatu nahi ez badu edo bere egoera administratiboa irregularra bada ere», gaineratu dute.
Azkenik, gertatutakoaren lekuko izanez gero erasotzailearen inguruko informazioa (itxura, arroparen ezaugarriak…) jasotzen saiatzeko mezua zabaldu dute mahaikideek.
Gainera, sexu erasoa izanez gero osasun zentrora joan arte arropa edota gorputza garbitzea ekidin behar dela gogorarazi dute kideek, eta ahoko sexu eraso baten kasuan ezer ez edatea edo jatea garrantzitsua dela adierazi dute, era horretan frogak ez liratekeelako ezabatuko.
Arreta telefonoak
Jaietarako hurrengo laguntza telefonoa aktibatu du udalak: 688 718 797; eta honakoak urte osoan zehar 24 orduz martxan dauden zerbitzuak dira: Hondarribiko Udaltzaingoa: 943 11 313; Sexu Indarkeria, Hariberria (24 orduz ematen du arreta): 900 840 188; SOS Deiak: 112; SATEVI 24 orduko arreta telefonoa: 900 840 111.
Udalak, gainera, bi puntu more ezarriko ditu. Irailaren 3an, 4an, 5ean, 6an, 8an, 9an, eta 10ean San Pedro kalean ezarriko dute lehen puntua, 20:00etatik 23:00ak bitarte. Bigarren puntua, berriz, Itsas Etxean izango da irailaren 6an, 8an, 9an eta 10ean, 23:00etatik 08:00ak arte.
Lan handia aurretik
Berdintasun Mahaia maiatzean aurkeztu zuten ofizialki, baina aurretik ere lanean aritu direla adierazi dute kideek. Hilabetean behin biltzen dira, eta udalaren aholkulari gisa jarduteko eginkizuna dute; «hau da, udalari eskaerak egiten dizkiogu», esan du Maggie Bullenek.
Mahaiaren egitekoa hasi besterik ez dela egin ziurtatu dute. Festak igarota protokoloaren inguruko balorazioa egin eta alde horretatik gauzak hobetzen jarraitzeko helburua ezarri diote euren buruari, eta horrez gain, herrian berdintasunaren gainean dauden proiektuei jarraipena emango dietela aurreratu dute: «Emeki elkarteak egiten duen lanari jarraipena eman, eta herrian dauden atzerritar taldeekin elkarlanean arituko gara, inklusioa baita nahi duguna. Aldi berean, hainbat egitasmo eraiki nahi ditugu, eta bestetik, Alardearen kontua dugu».
Aurrerantzean «lan asko» dutela egiteke baieztatu dute denek, ez baita inoiz berdintasun teknikaririk izan herrian.
Bide horretan, Berdintasun Plana mahaikideen bide-orria izango dela azaldu dute kideek. Hura ontzen laguntzeko lanean aritu dira azken hilabeteetan, eta une honetan azken fasean aurkitzen da. «Bertan jasotakoari jarraipena egingo diogu eta saiatuko gara akuilu lana egiten».
Aurki hasiko diren festei begira «elkarrekiko errespetua» nagusi izatea eskatu dute mahaikideek, eta aldi berean, etorkizunera begira Alardearen gatazkarekin bukatzea. «Emakumeak garelako ezin gara gure festetako egun nagusian atera. Berdintasunaren aurkakoa da hori, eta, beraz, uste dugu ezin direla bi aldeak berdin tratatu. Ez dugu elkarbizitza arazorik, berdintasun arazoa dugu. Gainera, azken inkestan atera zen hondarribiarren gehiengoa Alarde bakar baten alde dagoela eta hori gauzatu egin behar da. Udalak ez du erraza hori aurrera eramatea oso herentzia kaltetua jaso duelako, baina filosofia aldetik beste oinarri bat izan beharko lukeela uste dugu, ausartagoa. Alardea indarkeria matxistaren adibide bat da».

