Gazteen Kanttuak nerabeen jaigune izan nahi du
Nerabeentzako «espazio seguruago eta atseginago» bat izateko helburua du Gazteen Kanttuak. Batez ere DJak eta kontzertuak antolatu ditu udalak.
Udalerrietako jaietako egitarauetan zaila izaten da nerabeentzako programazioarekin asmatzea. Zenbaitek, gainera, adin tarte horretan izaten dute edari alkoholdunekin lehenengo kontaktua, eta hori ahalik eta gehien atzeratzeko asmoz «jai kontsumo horien esparrutik aparte, espazio garbiago, seguruago eta atseginago» bat eskaintzen hasi zen Hondarribiko Udala duela zenbait urte. Bertako programazioa, ordea, «pixka bat pobrea» izan ohi zela adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak. «Bazeuden ume edo gazte helduentzako jarduerak, baina nerabeentzako zerbait falta zen».
Gazte eta nerabeen aldetik espazio horren orain arteko jarraipena ez da handia izaten ari, «azkenean arreta guztia erdigunean dago eta badakigu nerabezaroan joera zein den. Alkoholarekin lehen kontaktua 14-15 urte artean izaten da». Iaz Andoni Ollokiegi eta Miruak taldeek jo zuten. «Kostatzen ari da, baina apustua irmoa da», gogorarazi du zinegotziak.
Aurten, bultzada bat emateko asmoz, Gazteria Sailak iaz sortu zuten Gazteen Kanttua dinamikarekin bat egitea erabaki dute. Gazteen Kanttua Hondarribia aldizkarian gazte-nerabeei eskaini zitzaien zutabe bat da, haien ahotsa plazaratzeko espazio bat izan asmoz. «Ez du oihartzun handirik izan», deitoratu du zinegotziak. Horregatik, dinamika hori bultzatzeko eta nerabeei bideratutako espazio hori erakargarria izateko, izen bera eman diote eremuari.
Aurten, bereziki, DJak eta kontzertuak egongo dira han. Aldaketa nabarmena hilaren 6ko (biharko) egitarauan aurki daiteke. Urte luzez antolatu duten grafiti lehiaketaren ordez, kamiseta tailerra egingo dute. «Grafiti lehiaketak hainbat kokaleku izan ditu: Zezen Plazako zelaia, Kasino Zaharra, Itsas Etxea… Baina azken urteetan nolabaiteko txispa galtzen joana zen. Horregatik, egun horri buelta bat eman asmoz, eta kuadrillen afari eguna dela gogoan izanik, kamisetak egiteko ohiturari heldu nahi izan diogu. Garai batean Olinpiadetako kamisetak jantzita joaten ginen afaltzera. Ohitura hori galtzen joan zen, baina kuadrilla gazteak beren kamiseta propioak egiten hasi ziren. Hortaz, aurten lotura hori bilatu dugu».
Kamiseta tailerraren ondoren, DJ bat eta erromeria izango dira Kasino Zaharrean. Hilaren 9an jolasak eta apar festa egingo dituzte, eta hilaren 10erako techno eguna iragarri dute N97 kolektiboaren eskutik.
Etorkizunera begira gazte eta nerabeen interesekin lerrokatutako egitarau eta espazio indartsu bat sortzeko asmoz hausnarketa betean daudela adierazi du zinegotziak. Aurten espazioa Kasino Zaharretik Zezen Plazako belardira lekualdatzea egokia zen ala ez hausnartzen izan ziren, baina azkenean egungo kokalekuan mantentzea erabaki zuten, eguraldiaren arabera belardia lokaztu zitekeelakoan. Datorren urteari begira freskagarriak saltzeko zenbait postu ezartzea aurreikusi dute.
Musika: jaietako arima
Edozein herritako jaietan kontzertuek garrantzi handia izaten dute. Gazte zein nerabeei zuzenduriko egitarauan bezala, helduentzako prestatutako programazioan ere kontzertuak nabarmentzeko hitzorduak izango dira.
Horren guztiaren antolaketa otsailean hasten dute Hondarribiko Udalean, inauteriak igarotakoan. «Gure artean [teknikariekin batera] ideiak proposatzen hasten gara, eta aldi berean, herriko elkarteen ohiko zein ezohiko proposamenak jasotzeko bidea zabaltzen dugu. Horren ondoren, elkarte laguntzaileekin bilera egiten dugu eta managerren proposamenak ere jasotzen ditugu». «Porrusalda» hori guztia ordenatu eta ondoren «aktualitatean aktibo eta entzutetsu» diren taldeen kontzertuak antolatzeko saiakera egiten dutela adierazi du Alonsok. Aurten, besteak beste, ezagunak diren Merina Gris, La Txama, Kaotiko, Mirua eta Errobi taldeak izango dira herrian.
2025eko festak, gainera, berritasun batekin hasiko dira: txosnagunea lehenago estreinatzeko aukera izango dute hondarribiarrek, udalak kontzertu egun bat gehiago programatu baitu gaurko (ostirala): Psilocybe elkarteak programatu du, Stoldak, Onavibe eta Zopilotes Txirriaos taldeak igoko dira Bentako oholtza nagusira.
Musika alde batera utzita, Baserritarren Eguna ere berritasunekin helduko da aurten. Baserritarren azokaz eta bertsolarien emanaldiaz gain, nekazaritzako makinen erakusketa izango da ere.

