1936ko irailaren 5a gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin dute
89 urte bete dira tropa kolpistek Irun okupatu zutela. Hori gogoratzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian San Juan plazan.
Ekitaldi instituzionalaXimun Leturia Lete Gaur (hilak 5) 89 urte bete dira tropa kolpistek Irun okupatu zutela, eta, berau gogoratzeko ekitaldi instituzional bat egin dute San Juan plazan. Ekitaldi horretan Irungo Udaleko ordezkariak, herritarrak, zein Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak eta Kepa Ordoki hiriko elkarte memorialistak izan dira.
Eguerdiko hamabietan, kanpaiak jotzen hasi bezain pronto, Pablo Sorozabalen gernikako martxa jo dute zuzenean; horrek eman dio ekitaldiari hasiera. “Egia, justizia eta erreparazio printzipioekiko konpromisoari helduz” antolatutako ekitaldia izan dela zehaztu dute jarraian, eta Gorka Alvarez udaleko Giza Eskubideetarako, Memoria Demkratikorako eta Lankidetzarako Arloko ordezkariari eman diote hitza.
“Irun lehentasunezko helburu militarra izan zen kolpistentzat, eta gogor eraso zioten lurrez, airez eta itsasoz”, aipatu du. “Gerra oro porrot kolektibo bat da, eta giza eskubideen urraketa dakar: indarkeria, exodoa, errepresioa… Hori guztia gure hirian gertatu zen, eta gure historiatik, gure esperientziatik, asko ikasi dezakegu”, amaitu du Alvarezek.
Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarte memorialistak hartu du hitza gero. “Porrotak erbestea ekarri zuen. Irungo milaka militantek ihes egin behar izan zuten. Erbesteratze hori ez zen errendizioa izan; errepublikarekiko leialtasunaren, justiziarekiko konpromisoaren eta tirania onartzeari uko egitearen ondorioa baizik. Horregatik, hemen eta orain berresten dugu Irungo memoria ez dagokiola ez isiltasunari ezta ahanzturari ere. 1936an gertatu zena eta bereziki Irungo bataila aldarrikatzea, hiri hau tropa faxisten aurka defendatu zutenek askatasunaren eta demokraziaren izenean egin zutela argi eta garbi esatea da”.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen txanda izan da jarraian. “Hemen gaude frankismoak gure herrian ezarritako kontakizunak hausteko. Kolpe militar horrek duela 89 bizitza zapuztu zien pertsonak gogoratu behar ditugu. 1936ko irailaren 5a errepresioak, isiltasunak eta beldurrak markatutako garai baten hasiera izan zen. Memoria historikoa orainaldi bidezkoago bat lortzeko tresna bat da, baita intolerantziak eta indarkeriak lekurik ez duten etorkizun bat sortzekoa ere. 1936ko Irun horrek memoria, bakea, herriaren borondatea eta pertsona guztien duintasunarekiko konpromisoa berresteko balio dezala”.
Azkenik, Cristina Labrdak hartu du hitza. “Udal bezala beti egongo gara gure hiriko Memoria Demokratikoa balorean jartzearen alboan. Duela 89 urte, fronte izan ginen, baina muga ere, eta hiriko sinbolotariko bat, Abenida Zubia, horren adibide argia da, izan ere, ixtear dago honen espedientea Memoria Demokratikoko Lekua izendatuta izateko. Gure hiriko memoria zaintzen jarraituko dugu, horrek ez dituelako zauriak irekitzen, baizik eta hauek berriro ere ez irekitzea eragotzi”.
Lore eskaintza eta minutu bateko isilunearekin amaitu dute gaurko ekitaldia.
HITZA bertan izan da, eta bildutako irudiekin bideo bat osatu du.

