Jaietarako dispositibo berezia prestatu du Txinzerrek
Jaietan garbitasuna bermatzeko langile kopurua handitu, birziklatze guneak ezarri eta edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditu Txinzerrek. Abuztuaren 31n jarri zuen martxan dispositiboa, eta hilaren 11ra arte luzatuko du.
Hondarribiko jaiak hastear diren honetan, dena prest du Txingudiko Zerbitzuak-ek. Izan ere, abuztuaren 31n jarri zuen martxan hilaren 6ra arte iraungo duen garbiketa eta hondakinen bilketarako dispositiboa.
Hala, ohiko lanaldiei beste 120 lanaldi gehituko dizkio jaiek iraun bitartean. Ekonomikoki islada izango du inbertsio honek, 22.104 euroko aurrekontua bideratuko baita, ohikoa baino %80 handiagoa.
Gainera, “jende gehien biltzen den espazioetan” 17 birziklatze gune jarriko ditu, “hondakinen bereizketa selektiboa errazteko helburuarekin”, lau Butroe pasealekuan, lau San Pedro kalean, bi Arma plazan, bat Kasino Zaharrean, bi azoka barrutian, bi zezen plazan eta beste bi Jostaldin. Horrez gain, 120 litroko edukiontziak izango dituzte txosnek, ontzi arin eta beira birziklatzeko. Txosnen kanpoaldean, gainera, igluak eta edukiera handiko ontziak ere ezarriko dituzte, txosna guztiek partekatu ahal izateko.
“Hondakin gutxiago” izateko helburuarekin, 15.600 edalontzi berrerabilgarri banatuko ditu Txinzerrek. Orain arteko dinamika bera mantenduko du: edalontzia euro batean eskuratu eta itzultzean gordailua berreskuratuko dute.
Azkenik, herritarrak garbiketa eta birziklapenarekin konprometitzera deitu ditu. “Keinu txiki bakoitzak badu eragina: hondakinak behar bezala birziklatzea eta erabilera bakarreko materialak saihestea ezinbestekoa da jai garbiak eta atseginak izateko”.

