Energia komunitatean parte hartzera deitu du udalak
Urrian ekingo dio udalak energia komunitatea sortzeko prozesuari, eta informazio saio ugari antolatu ditu hiritar, auzo elkarte eta jarduera ekonomikoetako eragileekin elkartzeko.
“Jasangarritasunaren eta energia burujabetzaren” bidean, Hondarribiko energia komunitatea martxan jartzeko prozesua abiatzear da udala. Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin prestatzen ari diren egitasmoak “herritarrak zein jarduera ekonomikoak kontsumitzaile pasibo izatetik aktibo izatera igarotzeko” helburua du, “energia berriztagarria sortuz eta modu kolektiboan kudeatuz”.
Izan ere, honelako komunitate batek herritarrek zein herriko eragile orok energia berriztagarria sortu eta banatzea ahalbidetzen du, beraz, “argiaren fakturan aurrezpen nabarmena lor daiteke”. Baina ez da aurrezkira mugatzen, “kohesio soziala indartzeko, ingurumenarekiko errespetua sustatzeko eta energia burujabetza sendotzeko” ere baliagarria izango da.
Hori dela eta, zenbait informazio bilera antolatu ditu udalak urrirako. Urriaren 2ko bilkura hiritar eta auzo elkarteei bideratua egongo da; eta bertan energia komunitateak zer diren, zein onura dituzten eta nola parte har dezaketen azalduko dute. Urriaren 6koa, ordea, jarduera ekonomikoko eragileei zuzendutakoa izango da (merkataritza, ostalaritza, industria…). Jarduera hauek energia komunitatean nola parte har dezaketen eta zein onura lor ditzaketen aipatuko zaie. Azkenik, urriaren 23an bilkura partekatua egingo dute hiritar, auzo elkarte eta jarduera ekonomikoko eragileek. Ordura arte egingo diren saioetan agertutako dudak argitu eta “energia komunitatea abiarazteko lehen konfiantza eta aktibazio gunea izango da”.
Gainera, udalaren webgunean komunitateari buruzko atal propio bat sortu dute, eta bertan egongo da eskuragarri informazio eguneratu guztia. Dena dela, etxe guztietara jakinarazpena bidaliko dutela nabarmendu dute. Informazio saioetan parte hartzeko internet bidez eman behar da izena.
Informazio saioak
Hiritarrak eta auzo elkarteak
- Urriaren 2an, 18:00etan Kultur Etxean.
Jarduera ekonomikoak
- Urriaren 6an, 10:00etan Kultur Etxean.
Saio partekatua
- Urriaren 23an, 18:00etan Itsas Etxea Auditoriumean.

