Azken Ostirala elkarretaratzea egingo dute bihar
Bihar (hilak 29) egingo dute Azken Ostirala elkarretaratzea, Zabaltza plazan, 20:00etan.
Sare eta Etxeratek antolatuta, Azken Ostirala elkarretaratzea egingo dute bihar (hilak 29) Zabaltza plazan, 20:00etan.
Udako oporraldia amaitzen ari den honetan, Sare Herritarreko kideek gogorarazi dute euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriekin busti dituztela Euskal Herriko hamaika txoko. Hots, “herrietako zein hirietako jaietan ere, konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren beharra aldarrikatu eta ‘etxera’ errebindikazioa enegarrenez protagonista” izan dela gogorarazi dute.
Era berean, zubiak eraikitzeko momentua dela azpimarratu dute, eta, ez, haatik, ondokoaren mina gutxietsi edota lehen eta bigarren mailako biktimak izendatzekoa. Are, elkarren sufrimenduak aitortu eta oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduekin amaitzeko momentua dela adierazi dute.
Gauzak horrela, elkarbizitzaren agertokitetara jauzi egitea ahalbidetuko duen konponbidea eskatzen jarraituko dute.
“Bake justu eta iraunkor bat eskuratzeko bidean, biktima guztiak aitortu, errekonozitu eta erreparatzearekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea izango dira elkarbizitzarako bidea urratzeko beharrezkoak izango zaizkigunak”, amaitu dute.
Hortaz, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria egiteko elkarretaratzea egingo dute bihar.

