Alberto Lasak jasoko du Urrezko Intsignia
Herrigintzan egindako lanagatik omenduko dute musikaria datorren irailaren 7an. Guztira 1.106 boto jaso ditu.
Datorren irailaren 7an Alberto Lasa Ansalas-ek jasoko du udalak banatzen duen Urrezko Intsignia. Zehazki, herrigintzan egindako lanagatik omenduko dute musikaria.
1991etik Parrokiko Abesbatzako zuzendaria da, eta Txistularien Alardeko zuzendaria izana da ere. Azken urteotan Goxoki Abesbatzeko zuzendari gisa parte hartu du Herri Kantak jaialdian, eta aurretik Surbesta Abesbatzan aritutakoa da.
Hirugarren urtez herritarrek aukeratu dute intsigniaren onuraduna nor izango den. Prozesuak hiru fase izan ditu: proposamenak egiteko fasea, hiru hautagaiak hautatzeko fasea, eta azken bozketa egiteko fasea. Hautagaiak Maria Jesus Berrotaran, Sorotan Bele musika taldea eta Alberto Lasa izan dira.
Aurten, gainera, inoizko parte hartzerik altuena izan dela jakinarazi du udalak. Guztira 1.876 boto jaso dituzte, iaz baino 1.102 gehiago, eta emaitzak honakoak izan dira: Alberto Lasa Ansalasek 1.106 boto jaso ditu, Sorotan Bele taldeak 413 boto eta Maria Jesus Berrotaran Etxeberriak 354 boto.
Urrezko Intsignia jasotzeko ekitaldia Udaletxeko areto nagusian egingo da, irailaren 7an.

