Anakako etxeen inguruaren berrurbanizazioarekin, aurrera
Proiektuaren bigarren fasean Lekuona misiolariaren kalearen ingurua eta Fabiola erreginaren kalera doazen bideak landuko dituzte.
Irungo Udalak jakitera eman duenez, Anakako etxeen ingurua berrurbanizatzeko bigarren fasearen kontratazioa onetsi dute berriki; 2,2 milioi euroko aurrekontua daukate lanek, eta hamar hilabete dituzte horiek egikaritzeko. Esku hartze horien helburua hiri espazioa “egungo irizpideetara” egokitzea da.
Cristina Laborda Irungo alkateak agerraldia egin du, eta tokiko gobernu batzarrak hartu duen erabakiaren harira zenbait zehaztapen eman ditu. “Irmo eusten diogu Anaka auzoarekin hartu genuen konpromisoari bigarren fase hau abian jarrita. 2024 hasieran, lanen lehen fasea amaitu zenean, eremuaren eraldaketa urbano handia ikusi genuen: eremu atseginagoa bihurtu zen, irisgarriagoa, eta orain oinezkoei ematen zaie lehentasuna eta protagonismoa. Horrekin batera, balioan jarri zen hiriaren memoria historikoan funtsezkoa den figura bat: Florencio Iratxeta”.
Aurreratu dutenez, proiektuaren fase berri horretan Lekuona misiolariaren kalearen ingurua eta Fabiola erreginaren kalera doazen bideak landuko dituzte, eta, aipatu moduan, lanen helburua da oinezkoen mugikortasunerako espazioa handitzea, ibilgailuei baino garrantzi handiagoa emanaz. Lanak egingo dituzten eremuaren irisgarritasun unibertsala bermatu nahi dute, eta bertatik oinezkoen fluxua garraio publikoaren geltokietara eta auzoko merkataritza eremuetara bideratuko dutela ere zehaztu dute “paseko trafikoa murriztuz”.
Era berean, nabarmendu dute aparkalekuak kale guztietan mantentzea erabaki dutela, eta hiri eremuetan landatzeko eta hazteko “aproposagoak” diren zuhaitz espezieak jarriko dituztela.
Hots, euri urak eta ur beltzak biltzeko saneamendu sare berri bat eraikiko dutela ere jakinarazi dute agerraldian; baita energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berrituko dituztela ere. Gainera, argiteria publikoa “guztiz” berritu eta LED argiak dituzten farolak jarriko dituzte “jasangarritasuna eta aurrezpen energetikoa irizpide gisa hartuta”.
Aipatutako lan horietarako 2.208.865,43 euroko aurrekontua bideratu du udalak, BEZ barne.
Irungo Udalak 2020an onetsi zuen Anakako etxeen ingurua birgaitzeko proiektua, eta 2022ko azaroan hasi ziren lehen faseko obrekin. 2024ko urtarrilean amaitu zituzten lan horiek. Bi milioi euroko aurrekontua izan zuten lan horiek, eta obren kostuaren erdia Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez ordaindu zuten.

