Grand Slameko hirugarren partida, bihar
Arratsaldeko 20:00etatik aurrera Jostaldi pilotalekuan izango da hitzordua. Oier Kanpandegi hondarribiarra pistara itzuliko da.
Bihar arratsaldean Hondarribiko Grand Slameko hirugarren partida jokatuko da arratsaldeko 20:00etatik aurrera Jostaldi pilotalekuan. Hondarribiko pilota eskolako gazteen arteko partidarekin hasiko da ekitaldia: Arrasate-Itoitz Altuna-Garat-en kontra arituko dira, eta ondoren, grand slameko hirugarren partidari emango diote hasiera.
Oier Kanpandegi hondarribiarra Erik Mendizabal bolibiarrarekin batera itzuliko da pistara. Victor eta Oyhenard-ek osatutako bikotea izango dute aurkari, eta Jai Aliveko kideek aurreratu dutenez partida “oso irekia” izatea espero da. Victorren eta Oyhenard-en estreinako partida izango da aurtengo grand slamean.
Emakumeek oraindik bi aste gehiago itxaron beharko dute lehen partiduaren hitzordurako. Abuztuaren 22an hasiko da beren txapelketa: Emakumeen Master Series-a.
Hilaren 1eko emaitzak
Joan den ostiralean Hormaetxea-Bailo bikotea Bixente-Atain-en kontra lehiatu zen. Bi set-ak Hormaetxea eta Bailoren alde erori ziren arren, partida oso estua izan zen hasieratik. Are, Bixente-Atain bikotea bigarren set-a irabazteko zorian izan zen (15-07; 15-13).
Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Eventbrite webgunean, Arma Plazan, Turismo bulegoan edota pilotalekuan bertan.

