Be Veggie azokaren zazpigarren ekitaldia antolatzen hasi dira
Abenduaren 6tik 8ra izango da aurten ere Be Veggie azoka. Animalien askapenaren eta justizia klimatikoaren aldeko jaialdi beganoa da.
Be Veggie animalien askapenaren eta justizia klimatikoaren aldeko jaialdi beganoa da, aurtengo ekitaldia “inoiz baino indartsuago” iritsiko da Irunera. Azokak “eredu aldaketa sakona” aldarrikatzen du, bizitzeko modu justu errespetuzko eta konprometituago baterako trantsizioa egiteko tresnak eskainiz.
Urtero bezala abenduko zubian izango da hitzordua, 6tik 8ra, eta hiru egunez landare jatorriko elikadura osasungarri eta jasangarri baten inguruan ikasteko, animalien esplotaziorik gabeko bizimolde baten alde egiteko, eta nola ez, gozatzeko aukera eskainiko du Be Veggie azokak.
Miren Gaztañaga Be Veggieko zuzendariak, gainera, helburu argia duen azoka dela adierazi du: “Ahotsik ez dutenei ahotsa ematen dien lubaki baketsu” eta “esperantzarako espazioa” izatea.
V: Label sariak eta GK Green Fashion
Oraindik bertan izango diren postu eta egitarau zehatzik ez badute ere, zenbait xehetasun aurreratu nahi izan dute antolatzaileek.
Batetik, azokan bertan, V. Label sariak banatuko dituzte bigarrenez. Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) antolatzen ditu Label sariak, sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alde egiten duten enpresak aitortzeko helburuarekin. Aurreratu dutenez, Miren Gaztañaga epaimahaikide gisa arituko da sariketan.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak sustatzen duen GK Green Fashion klusterra ere bertan izango da. Egungo arropa kontsumoak duen inpaktuaren inguruan sentsibilizatzeko eta animalien esplotaziorik gabeko beste aukera jasangarri, etiko eta lokal batzuen berri emango du klusterrak, tailerren, hitzaldien eta zuzeneko hitzartzeen bidez.

