Irungo merkataritza sarearekin harremanak estutu nahi ditu udalak
Informazioa jaso eta proposamen zehatzak partekatzeko lau topaketa antolatu dituzte. Irailaren 16an, 18an, 23an eta 25ean izango dira.
Tokiko merkataritza establezimenduetako arduradunekin “harremanak sendotzeko” asmoz hainbat saio parte hartzaile antolatu ditu Irungo Udalak. Irailaren 16an, 18an, 23an eta 25ean egingo dituzte, eta kokaleku zein ordutegi ezberdina izango dute, ahalik eta saltoki gehien bertaratu ahal izateko.
Lehena eta azkena Commerce Lab-en egingo dira. Irailaren 16an, 14:00etatik 15:00etara izango da hitzordua, eta 25ean, 20:00etatik 21:00etara. Irailaren 18an, aldiz, Palmera Montero zentroan izango da, 20:00etatik 21:00etara, eta irailaren 23an San Migel auzoko adinekoen lokalean, 14:00etatik 15:00etara.
Bileretan IrunMarket-en garapena, Commerce Lab espazio berria, edo lokalak alokatzeko eta birgaitzeko udal dirulaguntzen lerroen inguruan hitz egingo dute. Eta aldi berean, Irungo merkataritza sektorearen proposamenak, ekimenak edo kezkak ere zuzenean jasoko dituzte.
Topaketa horiekin elkarrizketarako gune bat sortu nahi du udalak, “informazioa jaso eta proposamen zehatzak partekatzeko”. Izan ere, etorkizuna “modu bateratuan eraikitzen” jarraitu nahi dute, “aktibotik eta lankidetzatik abiatuta”.

