Independentzia aldarrikatu du Ernaik Faisaien Uhartean
Ostegunean Faisaien Uhartea Espainiaren esku egotetik Frantziaren esku egotera igaroko dela baliatuz, Euskal Herria "ez dela ez Frantzia ezta Espainia ere" azpimarratu du Ernaik.
Esku batzuetatik bestera ibiltzen da Faisaien Uhartea, urte erdiz Espainiaren jabetzakoa baita, eta beste erdiz Frantziaren jabetzakoa. Etzi, hilaren 31n, beste behin Frantziaren esku egotera igaroko da.
Data baliatuz, uhartera gerturatu dira Ernai gazte antolakundeko kideak. “Hau ez da Espainia ezta Frantzia ere” zeraman plaka ezarri dute uharteko monolitoan, “gure herriarekin jolasteaz” nazkatuta, Faisaien Uhartea Euskal Herria dela aldarrikatzeko.
Monolitoan bertan, Independentzia lema margotu dute, ikurrina eta Nafarroako bandera ondoan zeuzkatela. “Gure herria zapaldua da, gure herria okupatua da, eta gazteok ozen aldarrikatu nahi dugu hau Euskal Herria dela” adierazi dute gazte independentistek.
Hala, irailaren 14an Ernaik Donostian 13:30ean abiatuko duen manifestazio nazionalerako deia egin dute, “gazteok independentzia nahi eta behar dugulako”.


