Bi zerbitzu gehiago Donostia eta aireportu arteko E30 linean
Bi zerbitzu gehigarriak Hondarribiko aireportutik abiatuko dira, 13:20an eta 21:20an. Irailaren 30era arte lineak ez du geldialdirik egiten aireportuaren eta Donostiako autobus geltokiaren artean.
Donostia eta Hondarribiko aireportua lotzen dituen E30 lineak bi zerbitzu gehiago izango dituela jakinarazi du Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Hurrengo astelehenetik (abuztuak 4) aurrera, 13:20an eta 21:20an ere abiatuko da autobus bat aireportutik, “joan-etorrien itxaronaldiak murrizteko”.
Oroitarazi dute ekainaren 20tik irailaren 30era arte linea honek ez duela beste geldialdirik egiten aireportua eta Donostiako autobus geltokiaren artean.
Dominguezek dioenez, “neurri honek, garraio publikoaren sistemaren koordinazio intermodala indartzeaz gain, aireportura iritsi eta autobusez jarraitu nahi dutenen bidaia esperientzia ere hobetzen du”.

