Euskararen aldeko aldarria egin du Irungo EAJk
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei zein tokiko erakundeei "azken urteetan egindako lanarekin jarraitzea" eskatu zien Gorka Alvarez EAJren bozeramaileak.
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen duela astebete. Horrek esan nahi du, VOX alderdi espainiarraren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) euskararen arloko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota zituela Espainiako Auzitegi Gorenak, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen zela ebatzita.
Epai horren harira, Gorka Alvarez Irungo EAJ udal taldeko bozeramaileak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal zein tokiko erakundeei “azken urteetan egindako lanarekin jarraitzea” eskatu zien hilaren 24an egindako udal osoko bilkuran.
Gorka Alvarezek egindako erregua hitzez hitz:
Pasa den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Espainako eskuin indarreko alderdi politiko batek jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez.
Ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, besteak beste. Sententzia bereziki kezkagarria eta larria da, euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzen duelako eta udaletatik demokratikoki bideratzen diren hizkuntza-politikak mugatzen dituelako.
Honen aurrean, azken urteetan egindako lanarekin jarraitzea eskatu nahi genieke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei eta tokiko erakundeei, eta bereziki Irunen, euskaren normalizazio politikekin aurrera egiteko orain arte izandako kontsentsu zabalen esparruan eta irundarren hizkuntz eskubideak bermatuz.

