Langile irundar bat zendu da Muxikan, garraio orgak harrapatuta
Muxikako Ebaki XXI enpresaren instalazioetan zela zendu zen atzo langilea, garraio orgak harrapatuta.
Langile irundar bat zendu zen atzo Muxikan (Bizkaia), enborrak garraiatzeko orga batek kolpatu eta harrapatuta. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Transportes Iriondok azpikontratatutako langilea Muxikako Ebaki XXI enpresaren instalazioetan zen lan istripua gertatzerakoan. Enpresan bertan artatu zuen anbulantziak, baina zauri larrien ondorioz ordu batzuetara hil zen, LAB sindikatuaren arabera. Zura zerratzen edo eraldatzen duen enpresa da Ebaki XXI, eta 150 langile inguru ditu.
ELAk adierazi duenez, “inguru horretako argiztapen baldintza eskasak izan dira istripuaren arrazoi nagusia”. Gainera, LABek jakitera eman du “zamatze lanetarako enpresa kontratatzaileek prozedurak garatuta izan behar dituztela garraiolariak kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon behar izateko”. Bi aukera ikusten dituzte: enpresan ez dago prozedurarik edo atzo ez zen martxan jarri. Bat dator ELA, istripua gertatzeko “erabakigarritzat” jo baitu “enpresetan dagoen prebentzio kultura falta, lan arriskuen arloan Legeak eskatzen duen koordinazio eza eta prebentzio eta babes neurrietan behar adinako inbertsio gabezia”.
Bide batez, Osalaneko zuzendariordeak aste honetan irratian egindako adierazpenak salatu ditu LABek. “Nahiz eta legeak enpresaria ipintzen duen prebentzioaren arduradun eta erantzule, bai langileek eta sindikatuek ere badutela ardura” esan zuen zuzendariordeak; sindikatuak, ordea, galdera batekin erantzun dio: “Nola ekidingo du langile batek honelako istripu bat enpresak protokolorik garatu ez badu, edo garatuta izanik ere berau betearazteko errekurtso prebentiborik eta bitartekorik jartzen ez badu?”.
Enpresa batzordeak hurrengo egunetarako “lankidearen oroimenez” mobilizazioa deituko duela jakinarazi dute, eta horretara batuko dira bi sindikatuak. Halaber, hildako langilearen senide eta lankideei “elkartasuna eta babesa” adierazi nahi izan diete sindikalistek.
Udalaren adierazpena
Gertakariaren harira adierazpen instituzionala helarazi du Irungo Udalak. Lehenik eta behin, langilearen familia, lagun, eta lan inguruneari “doluminak eta elkartasuna” helarazi dizkiete.
LAB sindikatuak egin bezala, udalak ere Osalan interpelatu du. “Ikertzeko baliabide guztiak” jartzeko eta “egokitzat jotzen dituen neurriak” hartzeko eskatu dio, “Euskadin laneko segurtasun eta osasunaren arloan eskumena duen erakundea den aldetik”.
Azkenik, “laneko osasuna eta segurtasuna babesteko neurri guztiak bermatzearen” garrantzia azpimarratu du udalak, eta horretarako eragile guztien parte hartzea eskatu du, enpresena, administrazioarena, eta langileena.

