«Inoiz baino beharrezkoagoak dira faxismoaren kontrako mezuak»
Mundu bira auzora, Moskura ekarriko du Muguruzak abuztuaren 14an. Toki eta data seinalatua da musikariarentzat arrazoi askogatik, tartean, Iñigo anaiagatik.
Muguruza, Moskuko Urdanibia plazan. Moskuko zati da Fermin Muguruza. Irungo Alde Zaharraren ikurretakoa. Muguruza FM 1984-2024 bira betean da musikari eta zinema zuzendari irundarra, eta Valentziatik (Herrialde Katalanak) iritsi berritan eta Japoniarako bidaiaren prestaketa betean dela izan da HITZArekin; Japonian, gaur (ostirala) eta bihar emango ditu kontzertuak Fuji Rock jaialdiaren barruan. Grabadora piztuta izan den bitartean hainbat izan dira Muguruzak agurtu dituen moskutarrak.
Abuztuaren 14an bere auzoko Urdanibia plazan biraren barruko kontzertua emango du Moskuko festetan. Iñigoren Dizipuluak taldekoak izango ditu telonero. Data berezia, toki berezian.
Muguruza FM 1984-2024 Bira. Hasierako zerrendan ez bazegoen ere, Moskun joko duzu abuztuaren 14an. Nola sortu da aukera?
Udaletik deitu zidaten. Esan behar dut lehenagotik Hondarribiko Udaletik ere deitu zidatela gustu handiz antolatuko luketela zerbait esateko. Baina Donostiakoa, Anoetakoa jada lotua nuen eta zonalde honetako kontzertuen kupoa betea nuen. Baina ondorenera Irungo Udalak deitu, bira berezia zela onartu eta esan, eta nirekin zerbait antolatu nahiko luketela komentatu zidaten. Baiezkoa eman nien, ideia ona iruditu zitzaidan. Udalak kusi zuen sekulako dimentsioa hartzen ari zela bira, eta eskaintza egin zidaten. Negoziazioak egiten hasi, eta Moskuko festetarako antolatu dugu kontzertua.
Pentsa. Biraren barruan Moskun kontzertua eman ahal izatea sekulako oparia izan da niretzat. Planteatu nuen Iñigoren Dizipuluak taldea gonbidatzea abuztuaren 14ko kontzertu horretara. Hain justu Peña kalean Iñigoren [Muguruza, anaia] omenaldian eta murala inauguratu zenean hainbat kantu jo zituzten; Iñigoren ikasle izandakoak dira, eta hura egon zen taldeen abestien bertsioak jotzen dituzte. Haiek hasiko dute abuztuaren 14koa, 21:00etan. 22:00etan gure txanda izango da.

Ekainaren 14an eman zuen irundarrak birako kontzertu handiena, Anoetan. Prestaketa lan handia izan zuen.
Bira, era ez ofizialean bada ere, Moskun hasi zenuen, ordea.
Bai, hala da. Bira honetako lehen kontzertu ez ofiziala Kortaturen 40. urteurrenaren harirakoa izan zen, 2024ko abuztuaren 16an, Peña kalean, Bad Sound System eta Asthmatic Lion [Fermin Muguruzaren sound system proiektua] izan ginen han. Justu elastiko honekin [hilaren 18an egin zen elkarrizketa hau, eta hori esatean soinean duen kamiseta gorria seinalatu zuen Muguruzak] hasi nintzen nolabaiteko biraren aurre-beroketa horrekin.
Gainera, beste gauza bat esan nahi dut. 1985eko uztailaren 19an izan zen Kortaturen lehen kontzertua Moskun, bertako festetan. Beraz, horretatik ere 40 urte betetzen dira aurten. 2025ean, 40 urte geroago, hemen egongo naiz berriz ere.
Irunen zentsuratua izan al zara?
Bai, hala izan naiz. Horregatik, aurtengoak pixka bat harritu nau. 1998an Dutekin jo nuen Irungo festetan. Garai gogorra zen, Bidasoa fundamentalista kantaren garaia adibidez. Hortik aurrera Irungo aukerak bukatu ziren niretzat. 2013ra arte udalaren partetik dei bat ere ez. Ez nintzen existitzen. Eta pentsa zenbat gauza egin nituen 1998etik 2013ra! Adibidez Manu Chaorekin bira egin nuen, handia; etxean ere izan nuen lotan! Bira hura hirian izateko dei bat egin zezaketen, baina ez zen hala izan. 2004an, baita 2007an ere birak egin nituen, baina Irundik deirik ez. Donostiako Udaletik bai deitu zidatela, eta 2004 nahiz 2007an jo nuen han. 2013. urtean, aurreko guztia nolabait konpontzeko bai deitu zidatela udaletik, eta sanmartzialetan jo nuen. Baina 2013tik berriz ere hoztu egin zen harremana.
Ordea, Black Is Beltza II eta ondorenean Bidasoa 2018-2023 pelikula aurkezteko aukera eskaini zidaten Irungo Udaletik. «Hori Irunen aurkeztu behar duzu», esan zidaten Bidasoa 2018-2023 aurkezteko gonbita eginez. Ederra izan zen, sarrera-gonbidapenak azkar batean agortu ziren, Irungo Harrera Sarearekin batera egin nuen aurkezpena.
Hemengo zentsura ikaragarria izan da, eta zentsura politikoa baino, alardearen inguruan izan den gatazkarengatik izan da nirekiko uko hori.
Birako 37. kontzertua izango da Moskuko Urdanibia plazan egingo duzuna. Nola doa mundu bira?
Oso ondo doa. Baina beti tentsioak daude. Zentsura politikoaz ari naiz, nire kontrako jazarpenaz. Valentzian izan berri naiz; han kontzertua egitera bultzatu ninduena izan zen nire kontrako jazarpenak. Adibidez, iaz, La Safor eskualdeko Bellreguard herriko ikastetxe batean nire murala egin zuten, Black Is Beltza II aurkeztu behar nuelako han. Epaitegira eraman zuten gaia [artxibatua izan zen kausa 2024eko maiatzean], eta murala egin zutenei lau urteko kartzela zigorra eskatu zieten terrorismoa goratzeagatik… Horrek sumindu ninduen, eta elkartasun osoa adierazi nien haiei.
Ondorenean Itziar Ituñok kantu bat eskaini zidan, eta hark ere jazarpen mediatikoa jasan zuen, Sarri Sarri abesteagatik, presoen aldeko manifestazio batean izateagatik… Eta Athletic-ekoak Koparen ospakizunetan txarangarekin atera, eta Sarri Sarri eta bestelakoak jo zituztenean haien kontra ere atera ziren…
Baina bira honetan ere Voxekoak-eta saiatu dira nire kontra egiten. Toki askotan ezin izan dut jo haien erruz. Esaterako, Pirineos Sur jaialdian jotzekoa nintzen, baina Huescako diputazioak esan zuen Fermin Muguruza ez zutela han nahi.
La Safor eskualdeko Gandia herriko Pirata Beach Festivalen izan naiz uztailaren hasieran. Han ezkerreko koalizioa egina dute alkatetzan. Nire irudiarekin beste mural bat egin, eta nirekin batera han argazkia atera zuten Compromis alderdiko zinegotziek. Baina han azaltzen diren zinegotziak, nirekin argazki batean izateagatik, udaletik kanporatuak izan behar direla esan du hango PPk, eta horma-irudia berehala ezabatu behar dela… Sekulako zalaparta dago gai horrekin han.
Baina hori guztia kentzen badugu, beste dena bikain. Txarra kenduta, ondo beraz [barrez].
Biran zehar, Irungo jende asko ari da joaten kontzertuetara, toki askotara gainera. Anoetan, adibidez, adin ezberdineko irundar asko-asko ikusi nituen. Oso polita da hori, zoragarria.
Maiatzaren 30a. Mexico DF. Multiforo Alicia aretoa. Indar armatuak zure kontzertua galarazteko…
Hori bai latza izan zela. Sekulako tragedia gerta zitekeen. Hildakoren bat suerta zitekeen, tiro galduak, tiroketa kutsakorrak… Oso ondo zuten pentsatua operatibo hori non zen, eta nork jotzen zuen kontuan hartuta. Oraindik ez da argitu nork hartu zuen erabaki hori. Hamasei barruti edo udal ditu Mexico DFk, eta justu barruti horretan eskuineko alderdi bat dago agintean. Narkoen kontrako borroka egiteko sekulako ahalmena eman diete militarrei, eta estatu paralelo bat sortu dute. Gainera, uste dut agerian utzi nahi zutela han nork agintzen duen, eta Mexicoko gobernuan agintean den ezkerraren aurrean boterea adierazi… ez dakit.
Multiforo Alicia gune autogestionatua da. Eta 1996an Mexicotik kanporatua izan nintzen mugimendu zapatistari babesa agertzeagatik.
Ez dago argi nork agindu zuen operatibo hori, ez zertarako, ez zergatik. Baina badakit hainbat agintari polizial kanporatuak izan direla horregatik, eta esan dezaket oso litekeena dela hara itzultzea, gobernu federalak gonbidatuta. Hori ez dago erabat lotuta, baina itxura dauka egingo dugula.
Ekainak 15, igandea. Anoetako kontzertuaren biharamuna. Zer gorputzaldi zenuen?
Jipoi galanta eman balidate bezala nengoen. Tentsio handia izan genuen. Ekaitza jasan genuen, baina eguraldiaren ekaitz hori elkartasun eta amodio ekaitz bihurtu zen. Ekaitz hori elektrikoa izan balitz, kontzertua eten, edo bertan behera utzi behar izango genuen. Bruce Springsteeni hori gertatu zitzaion.
Jaialdi handi baten antzera antolatu genuen Anoetakoa, 17:00etatik aurrera jendea hasteko sartzen. Hasierako orduetan inguruko taberna eta guneetan jende asko-asko izan zen, eta gero bat-batean denek erabaki zuten batera sartzea, pilaketak izan ziren… Gainera ekaitzagatik ur-zirrikituak ere sortu ziren agertokian. Baina jotzera atera, eta tentsio hori baretu zen ikusita jendea dena emateko prest zegoela. Euriak ezin gaituela gailendu ikusi zen.
Hurrengo egun ia osoa ohean pasa nuen. Zerbait jan, mezu andana erantzun… Neke izugarria nuen, baina ederra izan zen. Sentsazioa nuen biraren gailurra, Everesta egin genuela. «Egin dugu. Zaila izan da, baina lortu dugu», pentsatu nuen. Lan handia, izugarria izan zen.
Anoeta estadio bat da. Propagandarako toki asko daude, LED pantailak barne. Horiek guztiak tapatu genituen, eta hemengo kolektiboekin adostu genuen pantaila eta propaganda toki horietan zer mezu jarri. Ni kolektibo horietako partaide ere banaiz. Hala, haiek eta haien mezuak presente izan ziren ere bai.
Anoetakoaren berri eman ondoren ere iragarri genuen EHZn izango ginela, seigarren aldiz; Moskuko jaietakoa ere iragarri zen, baita Gasteizko txosnetan izango ginela ere. Baina oso garrantzitsua da niretzat bertako zirkuitu musikala zaintzea, eta hor bi areto oso garrantzitsu daude: Gasteizko Jimmy Jazz eta Bilboko Kafe Antzokia. Han ere izango gara, han ere izan behar dugu. Euskal Herriko zirkuitu musikala elikatu eta talde txikien gune diren horiek ere zaindu behar dira, transmisio hori bermatu eta handitu behar da.
Zure bira ez da toki batera joan, muntaketa lanak egin, entseatu, kontzertua eman, eta joan. Tokian tokiko komunitate antifaxistarekin eta lagunekin ere izaten zara.
Ahal denean bai. Londresen, Berlinen, Dublinen, Erroman… Sin Feinneko Gerry Adamsek bere sare sozialetan Dublineko gure kontzertuaren kartela jarri zuen. Horrek ere kalapita sortu zuen Ingalaterrako eta Espainiako hedabideen partetik, «IRAko buruzagi batek Fermin Muguruzaren kontzertua babesten du», esaten zuten, eta ETAko kideen espetxe ihesaldi baten abesti bat duen norbaiten alde egin zuela…
Tokietako zirkuitu hori jorratua dut. Bira guztietan edo filmak aurkezterakoan beti izan naiz tokian tokiko eragileekin. Horiekin harremana mantentzen saiatzen naiz.
Zure kontzertu bakoitza akelarre antifaxista bat da. Kontziente zara mezu horrek erabateko egunerokotasuna duela?
Agian ez ginen oso kontziente zer gerta zitekeen birarekin, edo iristen garen tokietan izaten ari den eraginarekin. Kontzertuak egiten izan garen heinean beste fenomeno bat ikusi dugu, agian beste kontzertu batzuetan neurri txikian gertatu dena: gazte pila etortzen hasi dira gure kontzertuetara. Sorpresa handia izan da hori.
Adibidez, EHZn, 5.000 pertsonako kontzertuan, lehen lerroan zeuden 1.000 pertsonak, denak, gazteak ziren. Moskun ere ziur gazte pila izango direla, horretaz ziur naiz. Gazteak bete egiten dituen giro bat topatzen ari dira.
Eta zoritxarrez, gure mezuak oraindik ere indarra du. 1993an Kolore guztiak arrazakeriaren kontra, kolore guztiak faxismoaren kontra abesten genuen. Pentsa hori abesteak, dantzatzeak eta transmititzeak zer garrantzia duen egun. Utopikoan hitz egitea gustatuko litzaidake, memoria historiko ariketa bat eginez beharbada. Baina faxismoaren kontrako mezu horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira egun.
Abuztuaren 14an, Iñigo anaia Moskun izango da.
Bai. Iñigoren Dizipuluak taldea bertan izango da, adibidez. Iñigo hil zenean Albuquerquen (Badagoz, Espainia) nintzen, han izan nuen hil zenaren berri. Berehala etorri nintzen tanatoriora. Gau hartan, etxera etorri eta leihotik pankarta bat ikusi nuen, Iñigo betirako gogoan zioen. Bihotzean iltzatuta gelditu zitzaidan hori.
Plaza hau [Urdanibia plaza seinalatu du] Iñigo da hein batean. Abuztuaren 14koa iragartzeko kartelean ere Iñigo ageri da; biraren lehen kontzertu ofiziala abenduaren 17an izan zen Biarritzeko Atabal aretoan, justu 60 urte beteko zituen egunean. Han hasi zen dena. Orduko hartako kartel berbera egin dugu, eta Iñigoren argazkia ere ageri da. Karteletik abiatuta, beraz, zalantzarik gabe hemen izango da Iñigo abuztuaren 14an.
Baxuaren nota bakoitzean, edo gitarraren riff bakoitzean Iñigo dago. Ezinezkoa da kantu bakoitzeko segundo bakoitzean Iñigo ez oroitzea. Moskukoa ez da izango Anoeta, hitz tarteak eta mezuak ere bereziak izango dira. Hemen, gurekin izango da Iñigo

