Kulturartekotasun, immigrazio eta bizikidetza plana onetsi du udalak
2024-2028 urteen arteko plana onartu du osoko bilkurak gaur goizean. Hiru ardatz nagusitan oinarrituko da: gobernantza, interakzioa eta gizarte kohesioa.
Gaur goizeko osoko bilkuran, 2024-2028 arteko kulturartekotasun, immigrazio eta bizikidetza plana onartu du udalbatzak. Ez da Gizarte Ongizate arloak integraziorako ekimenak martxan jartzen dituen lehen aldia, 2006tik hainbat programa sustatu ditu: Hiru Artean, Ikusmira, Bertan Bizi, Entre Nosotras eta Bizikidetza. Oraingoan, ordea, “proposamen berritzaile” batekin ekingo dio. “Egitasmoaren helburuen oinarria Irunen ditugun askotariko kultur jardunen artean zubiak eraikitzea da, hiriaren kultura aniztasuna ahal bezain ondo kudeatzeko”.
Ezberdintasunak txikitzeko “ezinbestekoa” da kulturartekotasuna, gizarteratzea eta dibertsitatea bilduko dituen bizikidetza bultzatzen baitu, udalaren esanetan. Planaren bidez “komunitate sentipena eta elkarrekikotasunean elkar ulertze eta ezagutza” sustatuko nahi dituzte. Gainera, planak udaleko zerbitzuen arreta eta baliabideak behar dituztenentzako ingurune bat eskaintzeko asmoa du.
Udaleko talde politiko, gizarte eragile eta immigrazio eta bizikidetzaren arloan lan egiten duten teknikariekin “sakoneko elkarrizketak” egin ondoren, hiru ardatz nagusiko plana osatu dute.
Gobernantza izango da lehen ardatza, “ikuspegi tekniko batean sakontzeko”. Eginbeharren artean “kulturartekotasun erakundeekiko harremanak lantzea” eta hiriko erakunde batzuekin (besteak beste, Lanbide) lankidetzarako sarea indartzea zerrendatu dituzte.
Bigarren ardatza interakzioarena da, pertsona guztien parte hartzea lortzeko asmoz. “Bizikidetzaren, dibertsitatearen, tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren alorrean” kulturartekotasunean diharduten elkarte eta bestelako elkarteek parte har dezaten izango du helburu.
Hirugarren eta azken ardatza gizarte kohesioa izango da, “hezkuntza, lan mundua, ezagutza eta eleaniztasuna lantzeko”. Ikastetxeekin elkarlana bultzatu nahi dute ardatz honen barruan, baita migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan zein enplegagarritasuna hobetzeko prozesuetan parte hartzea ere.
2023an, Eustat-en arabera, 53.557 pertsona ziren Irunen jaio eta espainiar nazionalitatea zutenak; atzerritarrak, ordea, 6.634 ziren, %10 inguru.
“Harmoniazko bizikidetza inklusibo bat eraikitzeko lan integral bat sustatzeko” xedea du Gizarte Ongizate arloak. “Pertsonek elkarrengandik desberdin izateko eta kultur desberdintasunak” izateko eskubideari buruz sentsibilizazio eta interakzio gunean eratuko dituzte, Irunen bizi diren guztiei ekarpena egiteko atea irekiz.

