Hirugarren Marmitako Txapelketa egingo dute hilaren 25ean
Goizeko 10:00etatik aurrera hogei kazola baino gehiago prestatuko dituzte. Izen emateak hilaren 24an itxiko dituzte.
Arantza Rojo eta Jaizkibel Tovar. Zumardikoak elkarteak antolatuta, hirugarren Marmitako Txapelketa egingo dute hilaren 25ean; hau da, Santiago Egunean. Aurten Damarri plazara lekualdatu dute lehiaketa; izan ere, gainontzeko urteetan Gernikako Arbolaren lorategietan izaten zen. Eguraldi txarra eginez gero bertan behera uzteko erabakia hartu dute Zumardikoak Elkarteko kideek, Soroetara lekualdatzeak egunaren “xarma” guztia galtzen baitu.
Goizeko 10:00etatik aurrera hogei kazola baino gehiago prestatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Aurten, gainera, gazte pila bat animatu direlako “oso oso kontent” daudela adierazi du Arantza Rojok. “18 urte azpiko bost talde animatu dira. Horiek sailkapen berezia izango dute eta aldi berean, txapelketa absolutuan sartuko dira ere”.
Marmitakoa kozinatzeko osagai nagusia hegaluzea da, eta hura Zumardikoak elkarteak berak banatuko du, Done Pedro Kofradiaren kolaborazioarekin. Gainontzeko elementuak, ordea, suak, mahaiak, kazolak… talde bakoitzak eraman beharko ditu. Goiza girotzeko txosna bat ezarriko dute, eta hurbiltzen direnek marmitakoa dastatu edo tupper bat eraman ahal izango dute.
Epaimahaia Hondarribiko zenbait ostalarik eta itsas munduko ordezkariek osatuko dute, eta iaz bezala, aurtengo txapelketa ere solidarioa izango da. Oraindik, ordea, onura zein elkartek jasoko duen argitzeke dute. “Ez dugu inori bertaratzera behartu nahi izan. Txosna gure ardura izango da eta gu egongo gara bertan. Urte bukaeran erabakiko dugu jasotzen dugun guztia zein elkarteri banatuko diogun”.
Sari banaketa 12:00ak aldera egingo dute. Irabazleak, noski, txapela jasoko duela aurreratu dute, baina parte hartzaile guztiek jasoko dutela sariren bat edo beste ziurtatu dute. Izen emateak hilaren 24an itxiko dituzte. Parte hartu nahi duenak 621 154 622 telefonora deitu beharko du.
Elkartekideek, azkenik, eskerrak eman dizkiete Hondarribiko Udalari, Hazi Fundazioari, Done Pedro Kofradiari eta Kofradia Itsas-Etxeari txapelketa babesteagatik.

