Abuztuaren 1etik aurrera sartuko da Jaizkibelgo ordenantza indarrean
Aldundiak dagoeneko pasabidea mugatua duten pistetan seinaleak jarri ditu, iragan urtean izandako "gehiegikeriak" saihesteko asmoz.
Pausu administratibo guztiak burutu ondoren, ekainaren 20an onartu zuen udalbatzak behin betiko Jaizkibelgo pista eta baso bideak arautuko dituen ordenantza. Hori dela eta, abuztuaren 1etik aurrera indarrean sartuko dela jakinarazi du udalak.
Bederatzi egun geratzen diren arren, Aldundiak dagoeneko pasabidea mugatua duten pistetan seinaleak jarri ditu, iragan urtean izandako “gehiegikeriak” saihesteko asmoz.
Ordenantzak ibilgailu motordunen erabilera arautuko, baina inplikatutako eragileekin bilerak egin ondoren, hurrengo ibilgailuek baimen berezia izango dute:
- Jaizkibel mendian dauden etxebizitza edo landa lursailen gaineko jabetza edo eskubideen titulartasuna duten pertsonen ibilgailuek, ibilgailuak euren etxebizitzetara edo lursailetara joateko erabiltzen badituzte.
- Jaizkibel mendian egiten diren nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako edo bestelako lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek.
- Ehiza eta arrantza jardueretarako erabiltzen diren ibilgailuak, horretarako bereziki gaitutako aparkatzeko lekuetara joateko. Horiek baimenean zehaztuko dira. Ehiztariak ehiza postuen eremura ere sartu ahal izango dira beren ibilgailuekin, ehiza postuak eraiki eta mantentzeko.
Udalak, azkenik, baimen horiek eskuratzeko bete behar diren inprimakiak eta baimendua izan denaren egiaztagarria izango diren dokumentu, pegatina eta bestelakoak prestatzen ari direla jakinarazi du. Horiek prest izatean herritarrei jakinaraziko dietela esan dute eta eskaerak Udaltzaingotik bideratuko dituztela.

