Zabaldu dute Kontrabandisten lasterketan parte hartzeko izen ematea
Sarako herriaren historiaren zati bat oroitarazteko sortu zuten lasterketa. Izen ematea hilaren 30ean itxiko da.
Parte hartzaileek galtza luze beltzekin eta kamixeta txuriarekin egin behar dute korri. Lehen 1.500 metroetan, gainera, gizonek 8 kg-ko eta emakumeek 4 kg-ko zakua bizkarrean hartu beharko dute. Berako bidegurutzean zakua utzi eta itzulerako bidean berriz hartu beharko dute.
Izen emateak hilaren 30era arte egin daitezke, BAZ bulegoan edo online bidez.
62. ekitaldia
Kontrabandisten lasterketa 1961ean sortu zuen Sarako Izarra izeneko lagun talde batek. Handik zenbait urtera Sara Korrika elkarteak hartu zien erreleboa eta Herriko Etxearen laguntzarekin, 62.nez antolatu dute lasterketa.
Lasterketan, gainera, ezin du edonork parte hartu. Sarako Herriko Etxearen gonbidapena jaso duten inguruko herrietako bi ordezkarik soilik parte hartu dezakete. Hauek dira aurten gonbidatuak izan diren herriak: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Biriatu, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide, Igantzi eta Zugarramurdi.
Sarako Herriko Etxeak azaldu duenez, herri horiek hautatu dituzte denek kontrabandoaren ondare bera partekatzen dutelako: “2001 arte, leku askotan, gizonek gauezko lana egiten zuten. Orotariko merkantziak garraiatzen zituzten, hala nola abere taldeak, dentela, azukrea… Trukeak euskaraz egiten zituzten, mugaren bi aldeetako hizkuntzan. Mendi gune horietarik gizonak eta emazteak pasatzen ziren ere, gerlei edo frankismoari ihesi”. Lasterketa, beraz, Sarako herriaren historiaren zati bat oroitarazteko sortu zuten.

