'Jaiak elkarrekin' proiektua aurkeztuko du Guztion Alardeak
Egitasmoaren abiapuntua uztailaren 30ean izango da, 19:30ean, Kultur Etxean. Guztion Alardeak herritar oro gonbidatu du aurkezpenera.
Guztion Alardeak jaiak elkarrekin ospatzeko helburua duen proiektu berria ondu du, Jaiak elkarrekin deiturikoa.
Hondarribiko Udalak 2024an bultzatu zuen azken inkestan oinarritu dira aurki aurkeztuko duten egitasmoa ontzeko; “izan ere, inkestak erakutsi zuen bezala, herriaren gehiengo zabal batek gatazka gainditu eta jaiak elkarrekin ospatzeko irrikaz dago”, esan dute.
Egitasmoak ekintza ezberdinak izango dituela aurreratu dute, eta horien xehetasunak emateaz gain, Hondarribiko artista ezberdinekin margotuko duten mural herrikoiaren margoketa nolakoa izango den eta Alarde egunean emango dituzten pausoak ere azalduko dituzte aurkezpenean.
Ekitaldia borobiltzeko “gatazka alde batera utzi eta elkarrekin aurrera egiteko gogoak piztuko dituen” bideo berezi bat proiektatuko dute. Hori dela eta, herritar oro gonbidatu dute aurkezpenera. Hilaren 30ean izango da, 19:30ean, Kultur Etxean.

