Arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako
Irunera iritsi den "olatu erreakzionarioari" aurre egiteko elkarretaratzea antolatu du herritar talde batek. Asteazkenean, hilaren 23an, 19:00etan elkartuko dira San Juan plazan.
Azken egunetan Torre Pachekoko (Espainia) eraso arrazistek zer esan handia eman baldin badute ere, Euskal Herrian ere zenbait eraso egon direla oroitarazi du Irungo herritar talde batek, besteak beste, Donostian, Hernanin, edo Irunen bertan.
“Ideia arrazistak eta faxistak” gizartean barneratzen ari direla iruditzen zaie herritar hauei, “baita tradizio antifaxista duten herri eta auzoetan eta beren burua arrazistatzat ez duten pertsonen artean ere”.
Irunen, “auzo patruila izen fantasmagorikoarekin autodefinitzen diren taldeek” eraman dituzte aurrera erasoak, “itxuragatik edo jatorriagatik seinalatu eta jazartzen” baitute. Talde hauek “gorroto diskurtsoa” zabaldu eta “hainbat gazte kolektibo mehatxatzen dituzte”.
Erasoei erantzuna emateko elkarretaratzera deitu du herritar taldeak. Izan ere, “Irun zerbaitengatik ezaugarritu bada, harrera lekua delako da”. Hirira iritsi diren “migratuekiko elkartasuna eta laguntzagatik” Bidasoko hiria ezagutzera eman du Irungo Harrera Sareak, “Irunen intolerante eta xenofobo ez beste guztientzat lekua dagoela” erakutsiz.
Hiriko eragile ugariren atxikimendua jaso du deialdiak, besteak beste, Irungo Harrera Sarearena, SOS Arrazakeriarena, Larreandi-Olaberria Auzo Elkartearena, Lakaxita Gaztetxearena, Bor-Bor-ena, Antxeta Irratiarena, LAB sindikatuarena, Sorturena, Moskuko jaien asanbladarena, Ernairena eta Irungo Antifaxistak-ena.
Asteazkenean, hilaren 23an, 19:00etan San Juan Plazan Arrazakeriari ez! Ez hemen, ez inon! Auzo patruilei ez. Faxismoari stop. lelopean egingo dute elkarretaratzea.

