Abotsanitz: "Bakarka azkarrago joan gaitezke, baina elkarrekin urrunago goaz"
Alardearen inguruko hausnarketa ohi baino lehenago partekatu nahi izan du Abotsanitzek. Garaiko gizartea islatzen duen erritoa izanik, emakumearen parte hartzeak "Alardea aberastu" egiten duela uste du.
Azken urteetan udal gobernuan izandako esperientziaren ondorioz, Alardearen bilakaera eta horren inguruan sorrarazi diren aldarrikapen eta bizipenetatik gehiago sakontzeko aukera izan du Abotsanitzek. Hori dela eta, aurten, Alardearen inguruko hausnarketa ohi baino lehenago partekatu nahi izan du.
Herri plataformako kideen arabera, azken hamarkadetan, Hondarribian, interes orokorraren gainetik “interes pribatuak lehenetsi” dira, eta interes urbanistiko eta ekonomikoek hiriaren diseinua eta izaera “nabarmen eraldatu” dute. Ondorioz, kaleko harremanak “hoztu” eta bizilagunak “arrotzak” bihurtu direla ikusi dute, herrian zatiketa sortuz.
Egoera iraultzeko eta herria “bizirik mantentzeko”, auzo eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak “zabaldu eta sendotzea” ezinbestekoa dela iritzi dute: “Izan ere, bakarka azkarrago joan gaitezke, baina elkarrekin urrunago goaz”.
Gainera, Alardea, tradizioa, kohesioa eta memoria kolektiboa uztartzeko funtsezko zutabea dela uste du Abotsanitzek, eta zenbaitek uste duenaren kontrara, kultura eta tradizioa babestea ez dagoela garaietara egokitzearekin kontrajarria esan dute irmo: “Berrikuntzak tradizio bihurtzen dira denboraren poderioz. Alardeak mende luzez iraun badu, egoera eta behar desberdinei erantzuten jakin izan diolako da, eta ez modu hertsiak mantendu dituelako. Alardea ez da ideia bat, ez da pentsamolde bat; errito bat da, garaiko gizartea islatzen duen erritoa. Zentzu horretan, emakumearen parte hartzeak Alardea aberastu egiten du”.
Iragan urtean, Gernikako Arbolako gertakariak [Alarde baztertzailea berandu heldu zen Gernikako Arbolara] herritar, soldadu eta tropen artean “egonezina eta tristura” sorrarazi zuela azaldu dute, baina aurrerantzean gune hori “esperantzaren, liberazioaren eta elkarbizitzaren topaleku” bihur daitekeela sinesten dute, “ausartak eta eskuzabalak” izan ezkero.
“Alardeak batzen gaitu. Alardea sendia da; adiskidetasuna, oroimena, auzoa, ondarea, tradizioa, ospakizuna, berdintasuna, kohesioa… Alardea herria da”, adierazi dute herri plataformako kideek. Horregatik, antolaketari begira, Hondarribiko Udala eta Alardearen gainontzeko eragile guztiak elkarrekin jardun behar dutela uste dute, eta bide horretan, “tradizioa bizirik mantendu eta herritar guztien eskubideak eta aukerak bermatuko dituen Alarde herrikoi baten alde” lanean jarraituko dutela baieztatu dute.

