Irunek Mugi sistema erabiltzen jarraituko du
Mugi sistemaren barruan jarraitzeak garraio publikoan zenbait onura izateko aukera ematen die irundarrei. Gainera, maiatzaz geroztik Irunbusen Mugi birtualaren probak egiten hasiak dira.
Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako lehendakari eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta Cristina Labordak, Irungo alkateak, Irunek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan jarraitzea hitzartu dute. Hortaz, irundarrek Mugi sistema erabiltzen jarraitzen ahalko dute. Lau urtez luzatu dute hitzarmena, beraz, Irungo erabiltzaileek txartel bakarra, zonakatze komuna, garraioa gehien erabiltzen dutenentzako deskontu progresiboak, eta bere kolektiboaren araberako hobariak eta doako ontzi aldaketak izaten jarraituko dute datozen urteetan.
Gainera, Labordak oroitarazi du maiatzean Mugi birtualaren proba hasi zutela Irunbus autobusetan, Gipuzkoan proba honi ekin dion lehen hiria izanik. Horregatik, alkateak Irun “mugikortasunaren eta irisgarritasunaren arloan abangoardian” dagoela deritzo.
Dominguezek “funtsezkotzat” jo du Irunek Mugi sarearen barruan jarraitzea, Gipuzkoako bigarren biztanle kopuru handiena baitu. Halaber, Mugi sistema operadore gehiagorengana zabaltzeko helburua duela jakinarazi du, “geroz eta gipuzkoar gehiagok eskura izan dezaten kalitatezko garraio publikoko sare bat”.

