E21 lineak ez du aireportuaren kanpoaldean geldialdia egingo
Hilaren 21etik irailaren 30era arte utziko dio geldialdia egiteari, "Hondarribiko erabiltzaileentzat bidaia erosoagoa egiteko".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazi duenez, uztailaren 21etik aurrera Lurraldebusen E21 lineak ez du aireportuaren kanpoaldean geldialdia egingo. Izan ere, E30 linea martxan jarri dutenetik –Aireportua Donostiarekin lotzen duen linea– Hondarribiko ohiko erabiltzaileek eragozpenak izaten jarraitzen zuten eta horri irtenbide bat emateko neurriak hartu ditu aldundiak.
Hilaren 21etik irailaren 30era, E30a martxan dagoen bitartean, E21ak aireportuan geldialdia egiteari utziko dio. Hala, Hondarribiarrek bidaia “erosoago” egingo dutela uste du Azahara Dominguez diputatuak.
“Iazko udan eta aurten E30 linea jarri dugu martxan, aireporturako trafikoa hartzeko, baina ikusi dugu ez dela nahikoa. E21 lineak aireportuaren kanpoaldean egiten duen geldialdiak eragin negatiboa du, oraindik ere, egunero aisialdiaz bestelako arrazoiengatik erabiltzen dutenentzat. Horregatik, hain zuzen ere, aurten erabaki dugu aireportuko kanpoko geralekua kentzea, E30a izan dadin Hondarribiko aireportuko zerbitzua ematen duen linea bakarra”, zehaztu du Domiguezek. Igor Enparan alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio zerbitzuaren erabiltzaileek eragozpenen berri eman, eta, “eskura dauden baliabide mugatuekin”, erantzun bat eman izanagatik.

