Desugertzaile berria jarri du martxan Txinzerrek
Zoladurak sakonago garbitzeko ur beroaren bidezko makina berria du Txinzerrek. Udal bakoitzak bere desugertze plana du, eta horren arabera erabiliko da desugertzailea.
Zoladurak eta oinezkoentzako guneetako zikinkeria sakonago garbitzeko desugertzaile berria martxan jarri du Txingudiko Zerbitzuakek. Presiopeko ur beroarekin dabil makina, eta produktu kimiko gabe gainazalak garbitzea ahalbidetzen du.
Ur garbia gordetzeko 1.150 litroko depositua du, eta ur zikinarentzako 1.100 litrokoa. Iristeko zailak diren eremuak garbitzeko eskuz lan egiteko aukera ere ematen du, eta gehienez 80 zentigradura iristen da. %35eko aldapetan lan egin dezake. Hondakinak biltzeko xurgapen sistema ere badauka.
Udalerri bakoitzak bere desugertze plan zehatza osatzen du, eta horren arabera erabiliko da desugertzailea, garbiketa tekniko hori behar denetan bakarrik erabiliko dela bermatzeko. Txinzerrek desugertzailea martxan jartzeko erabakia “Irun eta Hondarribian kudeatzen duten kale garbiketa zerbitzuaren etengabeko hobekuntzaren baitan kokatzen da”.

