Kalteak eragin dituzten gazteak identifikatu ditu Udaltzaingoak
Erantzukizunak eskatzeko dagokion espedientea zabaldu dute udalean. Ibilgailuetan kalteak jasan dituzten herritarrek Udaltzaingoaren egoitzara jo dezakete salaketa jartzera.
Azken egunetan Hondarribiko Udaltzaingoak zenbait adin txikiko identifikatu eta atxilotu dituela jakinarazi du Hondarribiko Udalak, zenbait ibilgailuri kalteak eragiteagatik.
Ibilgailu horiek herriko puntu ezberdinetan zeuden aparkatuta eta kalteak bi egunetan gauzatu zituzten.
Horien berri izaterakoan ikerketa bat abiatu zuen Udaltzaingoak eta “herritarren segurtasuna eta ondasunen babesa lehenetsiz” gertakarien inguruko informazioa bildu zuen.
Ohartarazi dutenez, gazte horiek Gipuzkoan ospatu den kirol ekitaldi batean ari ziren parte hartzen eta horiei erantzukizunak eskatzeko dagokion espedientea zabaldu dute udalean. Gainera, beren ibilgailuetan kalteak jasan dituzten herritarrek Udaltzaingoaren egoitzara jo dezakete salaketa jartzera.
Hondarribiko Udalak Udaltzaingoak egindako lana nabarmendu nahi izan du, “ahalik eta epe laburrenean egoera argitu eta erantzun instituzionala ematea ahalbidetu duelako”, esan dute.

