Laffage oroitu, Casasola aitortu
Irunen eta Iruñean oroitu dute Nagore Laffage Casasola, ekitaldi instituzional baten bidez eta Astelehen Lilaren ekimenez. Bietan Nagoreri gertatutakoa aipatzearen garrantziari balioa eman zioten.
Hirugarren urtez jarraian oroitu dute Irunen Nagore Laffage Casasola, hilketa matxista eta sexualaren biktima irundarra. Aurten hamazazpi urte bete dira Jose Diego Yllanesek Iruñeko sanferminetan Laffage hil zuenetik, eta memoria ariketa kolektiboa izan zen pasa den asteleheneko ekitaldikoa, berriro gerta ez dadin, eta Nagoreren memoria itzal ez dadin.
Jendetza gerturatu zen Irungo Emakumeen Etxera. Hasiera batean barruan egin behar zen ekitaldia azken momentuan kanpora, etxearen atakara, lekualdatzea erabaki zuten, jende asko kanpoan geratu zelako. Casasola familiak omenaldia herritarrei irekia izan zedin eskatu zuen, eta udalak jaramon egin zion eskariari. Txalo zaparradarekin jaso zuten herritarrek aldaketaren erabakia. Aulkiak kalera atera eta bertan bildu ziren dozenaka herritar.
Ekitaldia instituzionala zela ahaztu gabe, Cristina Laborda alkateak hartu zuen lehen hitza, eta «mina eta haserrea» partekatu zituen. «Emakumeen kontrako biolentziaren aurrean Irunek konpromisoarekin eta kontzientziarekin erantzuten du. Mezua argia da: kondena eta gaitzespena», adierazi zuen alkateak. Asteleheneko ekitaldia memoriarako ez ezik, konpromisoa berresteko ere zela oroitu zuen Labordak. «Nagore oroitzen dugun bitartean, gure artean egongo da». Asun Casasolak behin eta berriro errepikatu izan du aipatzen ez dena ez dela existitzen, eta Nagore omenduz, izena baduen biktima dela, eta ez dela ahaztuko. Bestelako sinbologiek ere horretan bultzada ematen dute, hala nola, Irunen dagoen Nagore Laffage deituriko parkeak.
Asun Casasolaren «ausardia» aitortu zuen alkateak, eta mina «indar geldiezinean» bilakatu duela adierazi zuen, «justiziaren, memoriaren eta emakume guztien alde borrokan» dabilela aitortu zion Casasolari. «Ikasgeletan ikusten zaitugu, elkarrizketetan ematen duzun mezuetan, eta horiek dira zure konpromisoaren froga argienak». Eskerrak eman zizkion Casasolari haren borrokagatik eta inoiz ez amore emateagatik.
Maite Cortina Berdintasun ordezkariak haren lehen agerraldi publikoetako bat egin zuen, eta mikrofonoaren aurrean jarri zen. Irungo Udaletik Laffage beti presente egoteko lanean jarraituko dutela azaldu zuen, eta hilketaren data oroitzea gogorra bada ere, denak elkartzea «polita» dela indarra emateko bidean adierazi zuen.
Berdintasun politiketan «asko laguntzen» duen pertsona da Casasola Cortinarentzat, eta bere «egotea» aitortu zion. Udaletik eskerrak eman zizkion, eta eredu izaten jarrai dezala eskatu zion. Gizartea aldatzen ari dela aipatu izan du Casasolak, eta Cortinak bat egin du iritzi horrekin. «Zu bezalako jendearekin gizarteak aldatzen jarraituko du, indarkeria matxistarekin bukatu egin behar delako». Casasolak erantzun zion lan horrek zutik eusteko laguntza ematen diola. «Gaiztoak beti egongo dira hortxe, baina gizartea ere hortxe egongo da esanez hori ez dagoela ongi. On garenok eta bizitza disfrutatzera gatozenok gelditu behar ditugu jarrera gaiztoak».
Ondoren, Esther Barandiaran piano joleak Aita Donostiaren Oinazez interpretatu zuen. Behin bukatuta, Parean elkarteko Ainara Lopezek eta Mertxe Tranchek Asun Casasola ipuin lehiaketako bi ipuin irakurri zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz. Hamar urte bete ditu lehiaketak, eta urtero 4.000 ipuin baino gehiago jasotzen dituen sariketa dela nabarmendu zuten. Balioa eman zioten indarkeria matxista gainditzeko kontzientzian lehiaketak duen garrantziari. Ekitaldian egindako bi irakurketek indarkeria matxistari aurre egiteko indarrari eta ahalmenari eman zioten protagonismoa.
Emakumeen Etxeko Koru Feministak ez zuen hutsik egin. Alai, aldarrikapenez betetako Ez beti da ez kantua abestu zuten, Alarma Morea taldearena. Abestiak herrietako jaiak indarkeria matxistarik gabekoak izatea aldarrikatzen du. Oro har, dramari lotutako hitzez betetako ekitaldia izan zen, eta kantaldi horrek alaitasuna eman zien aldarrikapenei. Casasolaren alboko lagunek «ikaragarria!» oihukatu zuten abesten bukatu zutenean. Txaloka akonpainatu zuen jendeak rumba doinuko kantua.
Azkenik, Casasola atera zen plazara, eta «zortea» duen ama dela nabarmendu zuen, egun daukan babesagatik. Izan ere, bera bezala biktima diren ama askok ez dutela hark duen babesa gogorarazi du. «Ama asko ezagutzen ditut, eta denek ez dituzte Irun eta Iruñea bere ondoan». Asteleheneko eguna tristea den arren, ekitaldiarekin «pozik» sentitzen dela esan zuen irundarrak. «Egun okerrenean pozik sentiarazi nauzue».
Iruñean ere gogoan
Pasa den uztailaren 1ean Nagore Laffage omentzeko ekitaldia egin zen Iruñean Astelehen Lilak antolatuta. Nafarroako hiriburuko Vinculo plazan izan zen ekitaldia, eta urtero bezala San Fermin jaien aurretik egin zen, Laffage ez dutela ahaztu gogoratzeko. «Nagore, zure faltan, eta zure faltagatik gaude hemen», adierazi zuten. Indarkeria matxistaren aurkako sinbolo bilakatu diren esku gorririk ez zen falta izan.
Hamazazpi urte daramatza Astelehen Lilak indarkeria matxistari aurre egiteko kontzientzian eragiten, eta biktima irundarraren familiari eta haren lagunei akonpainatzeaz gain, indarkeria matxistaren kontra egin nahi izan dutela azaldu zuen Tere Saez Astelehen Lilako kideak. Lehenbizi, Helena Taberna zinemagilearen Nagore dokumentala bultzatu zuten, eta aurten Pongamos que esta vez kantua sortu dute Aurora Beltranek eta Kai Etxanizek. Baliabideak sortzen dituzte indarkeria sexualaren kontrako borroka gizarteratzeko, eta Laffageri gertatutakoa beste inori ez gertatzea ozen oihukatzeko. Bai dokumentalak eta bai abestiak «sentsibilizatzeko eta kontzientzia sortzeko» balio dezatela espero du Saezek.
«Hamazazpi urte daramagu aurrerapenak eta aldaketak aitortzen indarkeria matxistaren alorrean, eta hau mugimendu feministari esker izan da; mugimendu feministaren dibertsitateari esker», azaldu zuen Saezek. Mina eraldatzen saiatzen ari dira Astelehen Lilako kideak, indarkeria sexualaren kontrako borrokan baliatzeko, eta Saezen esanetan lortu dute haien asmoa betetzea. «Laffageren hilketarekin aro berri bat ireki zen indarkeria sexualaren kontrako borrokan». Nagoreren izena behin eta berriz errepikatu behar dela aldarrikatu zuen.

