Badiak hutsik egin ez dion musika jaialdia
Bi eguneko musika jaialdia egin da Lakaxita gaztetxea, Borderline Fabrika eta Psilocybenea aretoen artean. Euskarazko musikari nagusitasuna ematea eta sareak ehuntzea izan dituzte ardatz.
Gailuren emanaldia Borderline Fabrikan.Jokin Fernandez Pasa den asteburuan aurten sortu duten Paralelo 0: ez ipar ez hego musika jaialdia egin zen Irun, Hondarribia eta Hendaia artean. Antolatzaileak eta oholtzak hiru hirietako espazioak izan dira: Borderline Fabrika, Psilocybenea aretoa eta Lakaxita gaztetxea. Uztailaren 4tik 5era egin zen, eta hainbat alorretan mugaz gaindiko izaera eman nahi izan diote. Antolatzaileen intentzio deklarazio bat da jaialdiaren izena bera ere. «Mugarik eza, zeropoliaren ideia eta linbo batean egotea gustuko dugu», adierazi dute Ander Fernandez eta Ander Martinez antolatzaileek. Bada, Txingudi badiako jendeak ez dio hutsik egin jaialdiari eta arrakasta hitza erabiltzera atrebitu ez badira ere, areto guztiak goraino bete ziren bi egunetan. «Badakigu gure asmoa ez dela izan kontzertu masifikatuak antolatzea, eta aretoak bete badira ere, gure neurrian gertatu dela uste dut», adierazi du Fernandezek.
Balantzea eginez, Fernandezek aitortu du badagoela komunean izandako sentsazio bat: «Sentsazio partekatua izan da antolatzaile, artista eta kontzertu guztietara etorri diren jende fidel eta kuriosoarengatik oso gauza ederra eta beharrezkoa izan dela». Musika proposamena jaialdi baten izaerakoa izateko egin dute lan antolatzaileek, hau da, musika genero desberdinak ekartzea, betiere euskaraz abesten dutelarik. Jaialdia sortzeko ideia Gernika-Lumoko Lekuek jaialditik otu zitzaion Fernandezi. Bertan, herriko musika aretoak elkartzen dira eta Lekuek jaialdia egiten dute. Bidasoan oraindik ez dutela argi ea urtero edo bi urtean behin antolatuko duten azaldu dute. Hori bai, Martinezek esan du izan dela jaialdiaren antolakuntzaren parte izateko eskua luzatu duenik ere.
Hiru eragileen izaera juridikoa eta antolatzeko modua ezberdinak badira ere, hiruretan boluntarioek bultzatzen dituzte jarduerak eta espazioak, eta jaialdi honetan ezinbestekoa izan da boluntarioen lana, beste behin. Areto bakoitzean espazio bakoitzeko jendea inplikatu da, dela marmitako goxo bat egiten, sarrerak kobratzen, espazio seguruak bermatzen, edo bero saparekin ez itotzeko ura ematen. Noski, alor teknikoaz ere arduratu dira ere bai.
Etenik ez
Jende asko bistaz elkar ezagutzen zen, zirkuitu berdinean mugitzen diren jendea baitute publikotzat Borderlinek, Psilocybek eta Lakaxitak, baina, akaso, oraindik bazegoen elkar hitz egin ez zuenik eta sare horiek ehundu egin direla uste du Fernandezek. «Batzuentzat talde batzuk deskubritzeko modua izan da, baita espazioak deskubritzekoa ere, eta hori zen helburua. Hasierako helburuetako bat bete da». Hiru hirietako jendea mugitzea ere bazen asmoa, eta hala gertatu dela ere baloratu dute.
Zuzeneko musika emanaldiez gain, CD pintxada-trukaketa ere egin zen larunbat eguerdian Hendaiako fabrikan, eta horrek ere erantzun polita izan zuen. «Jendea gerturatu zen, eta izan zen trukaketa egin zuenik ere», oroitu du Martinezek. Musika goizetik eguerdia pasa arte izan zen bertan, eta izan zen baten bat bertan bazkaldu eta arratsaldeko kontzertuetara arte geratu zenik ere.
Egitaraua osatu duten musika taldeak Euskal Herri zabalekoak izan dira, eta zaintza berezia jarri dute Ipar eta Hego Euskal Herria modu orekatuan ordeztuta egoteari. Halaber, emakume artisten musika proiektuei lehentasuna eman diete, eta horren adibide izan dira Saguxar, Eneritz Furyak artisten eta Gauak taldearen lanak. Antolatzaileek uste dute izaera honek erakarmenerako ahalmena izan duela.
Lehen egunera joanda, Saguxarrek ireki zuen jaialdia Hondarribian eta kontzertu intimo bat eskaini zuen, ikusle gisa zeuden bere lagunekin bromak eginez, jolasean. Gainera, Saguxar artista Psilocybe elkarteko kide egin berri da, eta lehen aldiz jo zuen bertakoen aurrean. Ondoren, Fusible talde ziburutarrak jo zuen, konposizio luzeekin eta ahotsik gabeko musikarekin entzute aktiboa bultzatuz. Azkenik, Silitia talde lekeitiarrak dantzan jarri zuen aretoa eta «kristoren publikoa» zuela aurrean aitortu zuen taldeko abeslari Ibai Silicatok. Hurrengo egunean, Hendaian, Andoaingo Gailu taldeak emanaldi berezia eman zuen, haien kide Mariano Hurtadok ezin izan baitzuen jo eta haren ordez Niño Coyote bezala ezaguna den Koldo Soret aritu zen. Gauean, berriz, Gauak talde baionar-berlindarrak isiltasuna bereganatu eta poesiatik abestu zuen. Jarraian, Gori-gori talde oreretarrak dantzan jarri zuen publiko guztia. Azkenik, musika jartzen aritu ziren Soki eta J.303 musika jartzaile irundar eta hendaiarra.
Jaialdiaren kartelak horren egitura ulertzeko problemak eman bazituen ere, jendea gerturatu egin zen, bonuekin edo sarrerekin. Dena den, Hendaiakoa ez zen Ipar Euskal Herriko jende gutxi azaldu zen, eta horren zergatiak zeintzuk diren jakin nahi dute. «Ez ginen nahikoa iritsi», uste dute.
Ez dute zehaztu urteroko jaialdia izango den ala ez. Ikusiko da noiz itzuliko den. «Oinarri bezala polita izan da gertatu dena», hori argi dute behintzat.

