Eraso matxisten aurkako puntu morea jarriko du Udalak asteburuan
Hainbat jarduera antolatu dituzte asteburu honetarako 'Auzoa kultura da!' egitarauaren baitan. Informazio, sentsibilizazio eta artatze zerbitzua bermatuko du Udalak puntu morean.
Jarduera ugari antolatu dituzte asteburu honetarako Auzoa kultura da! egitarauaren baitan, baita zenbait kontzertu ere: Verde Prato, Izaki Gardenak, Eñaut Elorrieta, Olaia Inziarte eta Tatxers.
Kontzertuen jai giroan eraso matxistak saihesteko, puntu morea jarriko du Udalak. Bertan, informazio, sentsibilizazio eta artatze zerbitzua bermatuko dute. Izan ere, “denontzat seguruak eta gozagarriak izango diren espazio eta kultur ekitaldien alde egitea guztion ardura” dela adierazi du Hondarribiko Udalak.
“Inolako eraso matxista edota arrazistarik ez dutela onartuko” argi utzi, eta puntu morea ostiral eta larunbatean, hilaren 11 eta 12an, Gipuzkoa Plazan jarriko dutela jakinarazi du Udalak, 20:00etatik 23:00etara. Puntu moreaz gain, 688 718 797 telefono zenbakia ere erabilgarri jarri dute.

