Hondarribia Bk pauso bat atzera egin du sailkapenean
Erlojupeko modalitatean jokatu zen Zumaiako estropada. Jardunaldia hamaikagarren postuan amaitu zuten, Astillero atzean utzita.
Hondarribia B San Pedroko test estropadan. Josu Z. Larunbatean (hilak 5) atsedena izan ondoren, igandean uretaratu ziren KAE1 Ligako ontziak. Zumaian jokatu zuten denboraldiko bosgarren estropada.
Ez ohiko eguna izan zen arraunzale zein arraunlarientzat. Normalean Talaimendi eta Zumaiako barra artean jokatzen den estropada lau kaletara jokatzen da, baina antolakuntzak balizak jartzerako unean arazoak izan zituenez, ezinbestean, estropada erlojupeko modalitatean jokatzea erabaki zuten.
Emakumeen ETE Ligako ontziak txanda berean aritu ziren bitartean, KAE1 Ligako ontziak, seiko bi multzotan banatu eta bi txandatan aritu ziren. Hondarribiarrak bigarrenak abiatu ziren, Castreñaren atzetik. Txandan azkenak egin, baina estropada hamaikagarren postuan amaitu zuten, Astillero atzean utzita. Ikus sailkapena.
Asteburu honen ondoren, sailkapen orokorrean azken postuan sailkatu dira berdeak. Azkena zihoan Castreñak Zumaian maila ona eman eta puntu mordoa bildu baitzituen (9 puntu). Datorren asteburuan izango dute hondarribiarrek arantza kentzeko aukera. Uztailaren 12an Plentzian jokatuko dute estropada, arratsaldeko 18:00etan.
Hondarribiarrek oso talde gaztea dute, arraunlari mordoa pasa baitira lehen taldera. Lehen estropadetan, beraz, esperientzia hartzen ari dira harrobikoak.
KAE 1 Sailkapen orokorra
| 1º | ITSASOKO AMA – VIUDA DE SAINZ | 53 |
|---|---|---|
| 2º | ZARAUTZ GESALAGA OKELAN | 47 |
| 3º | ARKOTE OCCIDENT | 45 |
| 4º | SUKIA – ZUMAIA | 40 |
| 5º | S.D. REMO PEDREÑA | 37 |
| 6º | LAPURDI- ANTTON BILBAO | 35 |
| 7º | SAN PEDRO – ZUBIEDER ERAIKUNTZAK | 33 |
| 8º | S.D. REMO ASTILLERO | 32 |
| 9º | DEUSTO-BILBАО | 29 |
| 10º | S.D.R. CASTREÑA | 15 |
| 11º | C.R. VALLE DE CAMARGO | 13 |
| 12º | ORSA HONDARRIBIA | 11 |

