Hasi dira Euskotren eta Eusko Label Ligak
Larunbat arratsaldean Bilbon abiatu zuten denboraldia, erlojupeko modalitatean. Igandean Sestaon aritu ziren, Ibaizabal errekaren bokalean.
Hondarribiarrak Bilboko uretan.Aitor Arrizabalaga / TKE Asteburu honetan hasi dute liga Euskotren eta Eusko Label Ligako arraunlariek. Hondarribia Arraun Elkarteko bi ordezkariek arraunak astindu, aurkarien alboan jarri eta lehen sentsazioak hartzeko tartea izan dute.
Larunbat arratsaldean Bilbon abiatu zuten denboraldia, erlojupeko modalitatean, eta igandean Sestaon, Ibaizabal errekaren bokalean. Bi jardunaldiak ibaian jokatu dira, eta ondorioz estropada gogorrak izan dira fisiko zein mentalki.
Euskotren Ligan Hondarribiarrek hasiera gogorra izan dute. Larunbatean lehenengo txandatik abiatu eta zazpigarren sailkatu ziren, Astilleroren atzetik lau segundora eta Donostiarra atzean utzita. Igandean, berriz, azkenak izan ziren. Astillero ontzitik lau segundora. Arraun Lagunak nagusitu zen bi jardunaldietan, Oriotarrek, ordea, gauzak zail ezarri zizkieten hiriburukoei. Ikus emaitzak.

Miren Garmendia patroi onenaren mallota jasotzen. Argazkia: Aitor Arrizabalaga/TKE
Arraun emaitzez harago, Miren Garmendiak patroi onenaren saria jaso zuen igandean eta asteburuko emaitzak kontuan izanik, 15 punturekin, lehena da sailkapen orokorrean.
Hondarribiarrak jakitun dira aldaketa sakona jasan dutela tripulazioan. Proiektua berrasi behar izan dute, eta beraz, lehiatzen jarraitzeko “gogotsu eta prest” daudela adierazi dute. Datorren asteburuan itsasora egingo dute jauzi traineruek. Larunbatean Donostian eta igandean Zierbenan arituko dira, eta horietan koska bat gora egiteko gaia dutela sinesten dute.
Gizonezkoen A ontziak hasiera ona eman dio denboraldiari. Bilbon zazpigarrenak izan ziren, Lekittarra ontzitik lau segundora eta lehen txandan aritu ziren Ares, Ondarroa, Kaiku eta San Juan atzean uztzita. Hurrengo egunean laugarrenak izan ziren Sestaon. Bigarren txanda irabazi eta ohorezko txandako Donostiarrari aurrea hartzea lortu zuten. Oriok irabazi zituen asteburuko bi estropadak, aurre-denboraldiko pronostikoak berretsiz. Ikus emaitzak.
Sailkapen orokorrak
Euskotren Liga:
| 1 | DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK | 16 |
|---|---|---|
| 2 | ORIO ORIALKI | 14 |
| 3 | TOLOSALDEA ARRAUN KLUBA | 11 |
| 4 | ZUMAIA DELTECO | 10 |
| 5 | HIBAIKA JAMONES ANCIN | 9 |
| 6 | S.D. REMO ASTILLERO ÉNERYT SERVICIOS | 5 |
| 7 | NORTINDAL DONOSTIARRA | 4 |
| 8 | HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK | 3 |
Eusko Label Liga:
| 1 | ORIO ORIALKI | 24 |
|---|---|---|
| 2 | ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA | 22 |
| 3 | BERMEO-URDAIBAI | 19 |
| 4 | NAIZ HOMES DONOSTIARRA | 18 |
| 5 | ORSA HONDARRIBIA | 15 |
| 6 | GETARIA | 13 |
| 7 | CLUB DE REMO DE ARES | 12 |
| 8 | ONDARROA KIDE | 9 |
| 9 | LEKITTARRA ELECNOR | 8 |
| 10 | KAIKU | 7 |
| 11 | SAN JUAN CMO VALVES | 5 |
| 12 | CR CABO DA CRUZ | 4 |

