Euskal Jiraren gurdien desfilea goizez egingo da
Aldaketa nabarmenekin ospatuko da Euskal Jiraren 45. edizioa, abuztuaren 8tik 10era. Herri bazkaria berreskuratu dute eta larunbatean egingo da.
Irungo Euskal Jirak 45 urte beteko ditu aurten eta aldaketa nabarmenekin eutsiko dio ia mende erdiari. Izan ere, gurdien desfilea larunbat goizera aldatu dute eta 11:00etan irtengo dira Letxunborro hiribidetik. Aldaketa honi esker, duela bi urte eskaturiko herri bazkaria antolatzea lortu dute eta Santiagoko Euskal Jai frontoian elkartuko dira bazkaltzeko.
Abuztuaren 8tik 10era luzatuko da egitaraua, hau da, beste urte batez hiru egun iraungo ditu jaiak. Honen aurkezpena egiteko elkartu dira gaur Irungo Udalean alkatea, Cristina Laborda, Kultura ordezkaria, Nuria Alzaga; Euskal Jira elkarteko presidente, Iñaki Olazabal; eta Jon Indakoetxea, Euskal Jirako kidea. Edizio hau “bertsio berria” dela azaldu du alkateak.
Jai hau hiriaren tradizioaren parte da eta udalak “etorkizunari begira” jarri nahi du festa. Helburua argia dela adierazi du alkateak, jaiak aurrera jarraitzea indarrarekin eta denen parte hartzearekin indartzea Euskal Jira. Horretan laguntzen ari dela udala azaldu du Labordak, “ideia berriekin eta herritarren inplikazioa bilatuz”.
Aldaketak
Edizio hau “berezia” izango dela aurreratu du Olazabal presidenteak eta egin dituzten aldaketengatik aipatu du. Euskal Jira antolatzen hastean “hausnarketa sakona” egin dutela aitortu du Pikabeak eta betiere etorkizuna bermatu nahi diotelako festari.
Garrantzitsuena larunbateko gurdien desfilea arratsaldetik goizera aldatzea izan da eta 11:00etan irtengo dira Letxunborro hiribidetik. “Jende asko harritu egingo da hartu dugun erabakiarekin baina ondo pentsatutako erabakia da. Uste dugu Euskal Jirari etorkizuna bermatzeko baliogarria izango dela”, zehaztu du Pikabeak.
Hiru egunetako egitarauari begiratuta, abuztuaren 8a (ostirala) txikienei bereziki begirakoa izango da eta puzgarriak jarriko dituzte Urdanibia plazan. Haur jolasak ere egingo dira. Plazatik kanpo, berriz, kantu jira egingo dute eta aurrerago iragarriko dute irteera puntua eta ibilbidea zeintzuk izango diren.
Herri bazkaria
Herri bazkaria Santiagoko Euskal Jai frontoian egingo da larunbatean abuztuak 9. Antzina Uranzu pilotalekuan egiten zen. Aste honetan jarriko dituzte salgai tiketak eta honen jakinarazpena egingo dute haien sare sozialetan eta Euskal Jiraren web orrian. Plataforma baten bidez erosi beharko dira eta Betti Gottik horretan asko lagundu diela esan du Olazabalek. Dantzari asko espero dituztenez, 200 bat pertsonentzat jarriko dute platera.
Euskal Jirarentzat “aurrerapauso handia” izango da bazkaria eta Pikabeak eredutzat jarri du beste herrietako euskal festetako bazkariak. “Lehen urtea izango da eta ikusiko dugu irundarrek zein harrera ematen dioten”, esan du presidenteak. Helduentzako eta haurrentzako menuak kozinatuko dituzte eta “oso giro polita” egongo dela uste dute.
Jaten bukatutakoan, kalejiran Urdanibia plazara joango dira eta bertan erromeria egongo da, baita berbena bat ere. Gauean, gainera, lehen aldiz musika jartzaile bat egongo da. Aldaketekin bukatzeko, artisau azoka larunbat osoan zehar egongo da Mosku inguruan eta eskualdeko Eskuz Lan artisau elkarteak arduratuko da azokatxo honetaz. Bi txosna jarriko dituzte, lehen aldiz bigarren txosna bat, alegia. Txistorra eta sardinak jateko aukerari eutsi egingo diote.
Egitaraua
Abuztuak 8, ostirala
- 17:45ean: Irungo Atsegiñaren erraldoi eta buruhandiak.
- Ibilbidea: Urdanibia, Junkal, Erromes plaza , Junkal, Santiago, Bidasoa, Legazpi, Salis ibilbidea, Eskoleta karrika, Fermin Calbetón, Colon, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan plaza, San Martzial kalea, Sargia, Larretxipi, Urdanibia plaza.
- 18:00etan: Txosna irekiera Urdanibia plazan.
- 18:30ean: Haur jolasak eta gaztelu puzgarriak Urdanibia plazan.
- 19:00etan: Kantujira San Juan plazan eta Urdanibia plazan.
- 20:30ean: Matraka elektrotxaranga Urdanibia plazan.
- 22:30ean: Zilibito Records taldearen kontzertua Urdanibia plazan.
Abuztuak 9, larunbata
- Argazki lehiaketa Euskal Jira egun guztian zehar. Oinarriak lotura honetan.
- 10:00etan: Txalaparta Urdanibia plazatik Letxunborroraino.
- 10:00etan: Txosnen irekiera- Txistorra, sardinak, sagardoa, taloak eta abar dastatzeko aukera izango da. Urdanibia plazan
- 10:00etatik 14:30era: Artisau-lanak eta baserritarren bertako jakien salmenta Ospitale zaharrean.
- 11:00etan: Euskal Jira.
- Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia Kalea, Colon Pasealekua, Genaro Etxeandia plaza, Foru Kalea, Kale Nagusia, San Juan Plaza, San Martzial Kalea eta Urdanibiako Plaza.
- 12:45ean: Irungo eta Hondarribiko txistulariek “Irun Hiria” Musika Bandarekin batera emanaldi bat eskainiko dute, eta Agur Jaunak eta Gernikako Arbola joko dituzte. Urdanibia plazan.
- 12:45etatik 17:00etara: Parte hatzen duten gurdien erakusketa Urdanibia plazan.
- 13:00etan: Bertsolariak. Oholtzan saio labur baten ondoren, bertso-triki-poteoan abiatuko dira Urdanibia plazan.
- 13:15etatik 14:15era: Jiran parte hartu duten dantzarien eta musikarien emanaldia. Urdanibia plazan.
- 13:15ean: Plazako tabernetatik kantuz kantu, Kantuz Lagunak taldearen eskutik. Urdanibia plazan.
- 13:15ean: Dantza eta musika oholtzan. Urdanibia plazan.
- 14:30ean: Herri Bazkaria (Bertsolariekin, musikariekin eta dantzariekin girotua) Santiago frontoian.
- 17:00ean: Kalejira. Santiago frontoitik Urdanibiaraino.
- 17:00etatik 22:00etara: Txosna irekiko dira.
- 17:00etatik 18:00etara. Jiran parte hartu duten dantzarien eta musikarien emanaldia.
- 17:00etatik 21:00etara: Artisau-lanak eta baserritarren bertako jakien salmenta. Ospitale zaharrean.
- 18:30etatik 19:30etara. Kemen dantza taldearen eskutik Dantza Jira Erromeria. Urdanibia plazan.
- 20:00etatik 23:00etara: Muxutruk taldearen eskutik dantzaldiak. Urdanibia plazan.
- 23:30etatik 01:30etara: Aitana Grandes Dj-ren emanaldia Urdanibia plazan.
Abuztuak 10, igandea
- 11:30ean: Gipuzkoako Herri kiroletako Pentatloi txapelketa. Urdanibia plazan

