Izan Arrantzale udalekuak eskainiko ditu udalak
Kofradia-Itsas Etxea eta Done Pedro Itsas-Gizonen Kofradiaren ekimenez sortutako programa da Izan Arrantzale. Aurtengo udan udalekuetarako egokitu dute.

Izan Arrantzale Euskadiko artisau arrantzaren belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko asmoz sortu zen programa da. Dagoeneko urtebeteko ibilbidea du, eta aurten ere hura sustatzen jarraitzeko apustua egin du Hondarribiko Udalak.
Gazteen iritziak jasotzeko proba pilotu bati esker sortu zuen Kofradia-Itsas Etxeak Izan Arrantzale programa. Kofradia-Itsas Etxea Euskadiko arrantzale kofradien eta Opegui Itsasbazterreko Arrantza Ekoizleen Erakundearen artean sortu zuten eta Euskadiko itsasbazterreko arrantza sustatzeko eta haren balioa nabarmentzeko helburua du.
Hondarribiko Udaleko Gazteria sailarekin kontaktuan jarri eta Steam trebetasunak garatzen espezializatuta dagoen GazteTEK programan sartu zuten 2024-2025eko eguberrietan. Orain, uztailera begira, udalekuetarako formatua hartuko du programak.
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia bisitatu eta modu ludiko eta parte hartzailean arrantza sektorearen benetako jarduera ezagutu ahal izango dute. Espezieak, sasoiak, arrantza tresnak, ontziko bizitza… interesa pizteko diseinatutako joko, tailer eta eskulanekin “udalerriko nortasunaren funtsezko zati den ogibide tradizional eta jasangarria” ezagutuko dute.
Programa 6 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adin tarte bakoitzari egokitutako azpiprograma desberdinetan egituratzen da. Informazio nahi ezkero hurrengo helbidera idatzi behar da.