HITZA entzun daiteke
OARSO BIDASOKO HITZAren webguneetako idatzizko eduki guztiak entzuteko aukera zabaldu du euskarazko hedabideak.

HITZA entzun daiteke. Zehaztuz: OARSO BIDASOKO HITZAren webguneetako eduki guztien testuak irakurtzen dituen audio zerbitzua abiatu du tokiko euskarazko hedabideak. Albiste, elkarrizketa edo erreportaje guztien testuaren hasieran idatzitakoa entzungai izateko eremua sortu du, Elhuyarrek garatutako euskarriari esker. Eduki hau bera ere entzun daiteke, esaterako. Aldi berean, irakurri ezin gaituenak, entzun gaitzake orain euskarazko kazetaritza edukiak irisgarri izateko iniziatiba honen bidez. Joan testu honen goialdean dagoen koadrora, eta sakatu play botoitxoa. Eman Entzun-i. HITZA entzuten hasiko zara.
Behin han klik eginda, menu zabalagoa aterako da. Audioa abiatzeko geziaz gain, beste aukera batzuk ere badaude: audioaren edukia aurreratu edo atzeratzekoa; abiadura azkartzekoa, baita hizlariaren ahotsa (emakumearena edo gizonarena) aukeratzekoa ere. Audioa jaisteko aukera ere bertan da.
Aro berri bat hasi du HITZAk. Hedabidearen edukiak irakurri, ikusi eta entzun daitezke orain. Entzun HITZA.