'Eraman zurekin Hondarribiko artea' erakusketa zabalduko dute
Madalen Arte Garaikiderako gunean zabalduko da 'Eraman zurekin Hondarribiko artea' erakusketa, hilaren 4tik abuztuaren 29ra.
Madalen Arte Garaikiderako gunea ez da margolanak edo eskulturak paretetan zintzilikatzeko espazioa soilik, gogoetarako eta elkarrizketarako espazio bat da ere, artearen bidez Hondarribiko egoeraren egoera eta identitatearen inguruan hitz egiteko sortua. Helburu horri jarraiki zabalduko dute hilaren 4tik abuztuaren 29ra Eraman zurekin Hondarribiko artea erakusketa.
14 sortzaileren lanak biltzen dituen erakusketa berezia da; izan ere, obrak ohiko moduan aurkeztu beharrean, kamiseta formatuan aurkeztuko dituzte. Kamisetak turista orok erosiko lituzken piezak dira, eta horietatik abiatuta artearen eta mezuen sakontasuneraino helduko diren artelanak sortu dituzte. “Hondarribia urte osoan bisitari ugariren helmuga da, eta horrek herriari izaera dinamiko eta kosmopolita ematen dio. Baina horren azpian zer gertatzen da hemen bizi garenon begietatik? Zer ikusten dute gure artistek? Nola eragiten digu etengabeko turismoak gure eguneroko erritmoan eta nortasunean?” adierazi du udalak.
Galdera horien inguruan hausnartzeko sortu dute Eraman zurekin Hondarribiko artea erakusketa. Kamiseta bakoitzak artista baten begirada darama eta herriko kezkaren, esperientzien eta kontraesanen irudia jasotzen dute. “Ez dira oroigarriak soilik, gure herriko narratibaren parte dira”. Hurrengo artistek sorturiko piezak ikus daitezke: Aiert Alonso, Laida Jorda, Andoni Gallego, Maider Goikoetxea, Kikis Alamo, Naiara Goikoetxea, Julen Goikoetxea, Saioa Ayala, Ainhoa Taberna, Naikari Diaz eta Beñat Amunarriz.
Erakusketa hilaren 4tik abuztuaren 29ra izango da zabalik. Irekiera 19:00etan izango da.