HAPOren xehetasunak herritarrekin partekatzeko bi bilera antolatu ditu udalak
HAPOren behin-behineko onarpeneko dokumentua nola gelditu den azaltzea izango da udalaren helburu nagusia. Bilerak hilaren 9an eta 10ean egingo dira.

HAPO dokumentua behin behinean onartu ondoren -ekainaren 19an onartu zen, osoko bilkuran-, xehetasunak herritarrekin partekatzeko bilera informatibo bi antolatu ditu udalak. Biak ala biak Itsas Etxea Auditoriumean izango dira. Lehena uztailaren 9an izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta bigarrena 10ean, goizeko 11:00etan.
Herritarrei HAPOren behin-behineko onarpeneko dokumentua nola gelditu den azaltzea izango da udalaren helburu nagusia. Horretarako, 2023ko maiatzean onartutako hasierako dokumentuarekiko aldaketak azalduko dituztela azaldu du Estitxu Urtizberea Lehen Alkateordeak eta Hirigintzako zinegotziak.
Azalpenak eman bitartean, gainera, herritarrek maketa fisiko bat izango dute eskura, eta hiru dimentsiotan egindako bideo bat ipiniko dute. Aurkezpena udal arkitekto, aholkulari eta planean lana egin duen lan taldearen eskutik egingo da.