Emekiren XXXI. Kaleko Margo Lehiaketa, abuztuaren 10ean
Izena egunean bertan eman behar da. Alde Zaharreko eta San Pedro txokoak aukeratu behar dituzte partaideek euren lanak egiteko.

Hondarribiko udan klasiko da jada Emeki Emakume Elkartearen Kaleko Margo Lehiaketa. Aurtengoa abuztuaren 10ean (igandea) izango da, XXXI. ekitaldia hain zuzen ere. Kaleko sorkuntza sariketan nahi duen orok parte har dezake, bi baldintzarekin: 18 urtetik gorakoak izan behar dute margolariek, eta lan bakarra aurkez dezake partaide bakoitzak. Izen ematea egunean bertan egin behar da, Emekik Molla kaleko 1. zenbakian duen egoitzan.
Partaideek erabil ditzaketen margotze teknikak, olio, akuarela, akriliko, librea edo mistoa izan daitezke. Margotzeko tresna eta materiala partaideek eraman behar dituzte. Margolariek Alde Zaharreko edo San Pedro kaleko txokoren bat aukeratu beharko dute haien sorkuntza egiteko, eta 17:00-18:00 tartean egin beharko dute horien entrega San Pedro kalean bertan jarriko den gunean; horiek entregatuta, erakusketa zabalduko dute han.
Sariak baditu lehiaketak. Irabazleak 1.000 euro eta oparia jasoko ditu, bigarrenak 700 euro eta oparia, eta hirugarrenak 500 euro eta oparia. Akzesit saria, Atrezzok emandakoa, 100 eurokoa (eta oparia) izango da. Epaimahaiak hala erabakitzen badu sariren bat eman gabe gera daiteke.
Sormen sariketaren informazio gehiago nahi dutenek horren oinarrietara jo dezakete. Hemen klik eginda horiek lortzeko aukera.