'Touch Rugby' modalitateko zortzigarren txapelketa, Hondarribiko hondartzan
Uztailaren 12rako 'Touch Rugby' modalitateko txapelketa antolatu du Txingudi Rugby Klubak zortzigarrenez. Dagoeneko izena eman daiteke, 25 euroren truke. Gainera, uztailaren 13an Dies Oiassonis jaialdiaren baitan Harpastum erakustaldia egingo dute.

Zortzigarren urtez, Touch Rugby txapelketa antolatu du Txingudi Rugby Klubak uztailaren 12rako. Emakumezko, gizonezko eta talde mistoetako senior, emakumezko, eta beteranoen kategoriak arituko dira, “jai eta laguntasun giroan”.
Joan den urtean hamahiru taldek hartu zuten parte, guztira 130 jokalarik. Aurtengoan kopurua gainditu eta jende gehiagok izena emateko esperantza dute.
Txapelketaz gain, errugbi inklusibo erakustaldia egongo da 11:30ean, Hernaniko taldearen eskutik. Gainera, tabernatxo bat eta merchandisinga saltzeko gunea ere jarriko dituzte. Ekitaldi osoan zehar DJ Asunciok girotuko du.
Errugby elkartearen webgunean 25 euroan eman daiteke izena uztailaren 2ra arte, hortik aurrera 30 eurora igoko dute prezioa. Izen ematearekin batera kamiseta, jana eta edaria jasoko ditu parte hartzaileak.
Erromatarren garaira itzulera
Erromatarren garaiko Harpastum kirol erakustaldia egingo dute uztailaren 13an, eta bertan izango dira Txingudi Rugby Taldeko seniorrak. “Legionario erromatarrek praktikatzen zuten kirolak gaur egungo errugbiarekin antzekotasunak” dituela jakinarazi du kirol elkarteak, “helburua baloia aurkariaren zelaiaren alde batera eramatea baita, eta, saihesteko, defentsak kontaktu fisikoa erabil dezake”.
Irungo San Juan plazan izango da Dies Oiassonis jaialdiaren baitako erakustaldia, eta 13:15etik aurrera hasiko dira jokatzen.