Itziar Mendizabal, The Royal Balleteko irakasle berria
Itziar Mendizabal The Royal Ballet Goi Eskolako ballet irakasle gisa hasiko da lanean irailetik aurrera.

Ibilbidea luzea du Itziar Mendizabalek balletean. 1997an Madrilgo (Espainia) Victor Ullate eskolara sartu zen, eta beste zenbait hiritan jarraitu zuen bere bidea: Zurich, Leipzig, edo baita Londresen ere, The Royal Balletera batu baitzen 2010ean lehen bakarlari moduan. Benois de la danse sarietarako izendatu zuten, eta urte berean Gipuzkoako Dantzako Profesionalen Elkartearen Errebelazio Artista Hoberenaren saria irabazi zuen. Gainera, 2022an Logroñoko (Espainia) Dantza Etxearen Ohorezko Lagunaren saria ere eskuratu zuen.
Prestakuntza zabala du Mendizabalek. Goi Eskolako dantzari profesionalen irakaskuntza ikastaroa bukatu zuen 2014an, eta geroztik ikastaro trinkoak eman ditu.
Iain Mackay, eskolako zuzendaria, “oso pozik” agertu da eta ongietorria egin dio Mendizabali: “Itziar artista bikaina da, eta bere eszenatokiko esperientzia zabala, ikuspegi artistikoa eta errepertorio klasiko eta garaikidearen ulermen sakona oso baliotsuak izango dira eskolarentzat. Azken urteotan gure talde artistikoan paper garrantzitsua izan du irakasle gonbidatu gisa, irakaskuntzarako duen grina erakutsiz eta hurrengo dantzarien belaunaldia inspiratuz”.
Mendizabal ere “esker oneko” dago, “eszenatoki edo lan leku baino gehiago izan delako The Royal Ballet azken hamabost urteetan”. Orain, eszenatokia utziko du tarte baterako, eta irakaskuntzan jarriko du bere indarra, bere “pasioan”, hain zuzen ere.
Bide berriari ekin aurretik, azken emanaldia egingo du dantzariak, Christopher Wheeldonen Alice’s Adventures in Wonderland antzezlaneko Bihotzen Erregina gisa, hilaren 28an.