Bidasoko osasun egoera salatu dute Eusko Legebiltzarrean
Osasun Bidasoa plataforma eta haurren psikiatria zerbitzuaren itxierak kaltetutako familiekin batera izan da Elkarrekin Iruneko ordezkaria. "Benetako konponbideak" eskatu dituzte.

Bidasoko osasun egoera izan dute hizpide gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, Osasun Bidasoa plataforma eta haurren psikiatria zerbitzuaren itxierak kaltetutako familiak gerturatu dira kexak eta eskaerak adieraztera, David Nuño Elkarrekin Irunen bozeramailearekin batera.
Lehenik eta behin, babesa adierazi nahi izan die Nuñok murrizketak pairatzen ari diren kaltetu guztiei. Bidasoko kalitatezko osasun zerbitzu duinaren aldeko borroka beti “irmoa” izan dela oroitarazi du, baina ez kaltetuei babesa emateagatik soilik, baita “Udal Gobernuari jarrera argia eta zerbitzuen narriadura leheneratzeko konponbideak eskatzeagatik ere”. Plataformako kide eta kaltetuen “lana” eta “ausardia” azpimarratu du, are gehiago Eusko Jaurlaritzako agerraldiaren ondotik, beste urrats bat eman baitute.
Irungo Udalari eta Eusko Jaurlaritzari arazoari heltzeko deia egin die Elkarrekin Irunek. Udal Gobernuaren babesa “aho txikiarekin” egin dela iruditzen zaie, “benetako konponbideak ez baitira bilatzen ari”. Halaber, “maiatzaren 31ko manifestazio jendetsuaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak entzungor egiten jarraitzen du eskualdearen beharrizanei”.
Aurrerantzean ere “irundarren interesak” babesten jarraitzeko konpromisoa hartu du Nuñok, “eskualdeko bizilagunen arazoei erantzuteko”.