Beteranoen Espainiako finalean lehiatu da BAT
Susana Ruizek ordezkatu du BAT beteranoen Espainiako Txapelketan. 16 urtez azpikoen artean, ordea, zazpi domina irabazi dituzte asteburuan Gasteizen. BATeko beste kirolari batzuk Euskadiko Federazioarekin Herrialde Katalanetan izan dira Federazio Autonomikoetako Espainiako Txapelketa lehiatzen.

La Nucian (Espainia) izan da asteburu honetan BAT, beteranoen Espainiako Txapelketan. Susana Ruizek ordezkatu du BAT, bi lasterketetako finalera iritsiz. Izan ere, 400 metroen proban bosgarren postuan gelditu da 1:09,11 minutu eginez. 800 metroen proban, ordea, zortzigarren gelditu dam 2:41,59 minuturekin, bere marka pertsonala bi segundoz gainditurik.
16 urtez azpikoen Euskadiko txapelketa
16 urtez azpikoak ere lehiatu dira asteburu honetan, Gasteizen egin den Euskadiko Txapelketan, hain zuzen ere. Kadeteek “lehiaketa oso ona” egin zuten. Nesken taldeko protagonista Olatz Elizasu izan zen, disko eta pisu jaurtiketan urrezko domina irabazi baitu, 37,92 eta 9,20 metro eginez, hurrenez hurren. Mailu jaurtiketa luzea egin arren, ez zuen lortu baliozkotzat hartzea. Noa Garciak ere urrezko domina eskuratu du altuera jauzian, 1,59 metroko jauzia eginez. Luzeran, ordea, 5,07 metro egin zituen zilarrezko domina lortu du. Zoe Caseauk brontzezko domina lortu zuen pertika jauzian 2 metroak gainditu ostean. Azkenik, Naia Piquerrek ere brontzezko domina jaso zuen 1.000 metro 3:13,03 minutuan egiteagatik.
Mutilek ere hainbat domina eskuratu dituzte. Jon Andiano Euskadiko txapeldun gelditu da, 300 hesidun metro 40,45 segundoan eginda. Zilarra irabazi du Adur Errazkinek, 1,65 metroko altuera jauzia egiteari esker. Aingeru Etxabek ere zilarrezko domina jaso du, 2 metroko pertika jauzia eginda.
18 urtez azpikoen Federazioen Espainiako Txapelketa
Palafrugellen (Herrialde Katalanak) izan zen larunbatean, hilaren 21ean, Federazio Autonomikoen Espainiako Txapelketa, eta BATeko hainbat atleta izan ziren Euskadiko Federazioarekin. Zazpigarren postuan gelditu zen bertako federazioa, 192 punturekin.
110 hesidun metroko proban Jon Gajate lehena gelditu zen, 15,09 segundo egin ostean. Markel Garrancho irundarrak erreleboen 4×400 metroko proba mixtoan parte hartu zuen, eta 3:39,34 minutuan egin zuten. Naia Llorente laugarren gelditu zen altuera jauzian 1,66 metro egin ostean.